Herritartasun digitaleko praktika onak. ‘Your Digital Life’ proiektua

Herritartasun digitaleko praktika onak. ‘Your Digital Life’ proiektua

 

Proiektuaren izena

Your Digital Life

Ikastetxea

FEDAC PRATS. Prats de Lluçanès-Cataluña

Irakaslea

Cèlia Soldevilla Vall

Lurralde kideak

Italia, Grezia, Espainia, Mazedonia, Errumania, Polonia, Georgia eta Turkia

Etapa edukatiboa

Lehen Hezkuntza

Arloak

Gaztelania, Ingelesa, Gizarte Zientziak, IKT

Lanerako hizkuntza

Ingelesa

Aitorpena

Kalitate zigilu nazionala

Deskribapena

Proiektu honen xedea teknologiak haurren jardueretan, pentsamenduetan eta bizitzeko eran nola eragiten duen aztertzea da. Ikasleen artean informazioaren babesari eta interneteko pribatutasunari buruzko kontzientzia sortzen du eta irakaskuntzan eta pertsonen egunerokoan teknologiaren erabilerak betetzen duen funtzioa azpimarratzen du. Proiektua konpetentzia digital eta komunikatiboak hobetu eta garatzeko diseinatu da. Baina, batez ere, ikasleak proiektu honetako protagonista izateko.

Ikasleentzat proiektu hau berritzailea eta pozgarria izan da hainbat arrazoirengatik, baina batez ere talde txikietan eta era kooperatibo eta kolaboratiboan lan egin dutelako, sormena landu dutelako, proiektuaren gai nagusiari buruzko eztabaidak sortu direlako, IKT tresna berriak erabili dituztelako eta proiektu osoan zehar solasgunearen eta bideokonferentzia bidez komunikatu direlako. Web 2.0 tresna ezberdinekin lan egin dute, adibidez, Kizoa, Power point, Emaze, Taxgedo, Padlet, Issu, Collage, Little birdtales eta Picturetrail; eta haien eTwinning lankideen bidez ezagutu dituzten beste batzuk, besteak beste, Powtown, Voki eta Chartgo. Ikasleak bereziki gogoberotu eta motibatu ziren eTwinning Livek eskaintzen dituen tresna kolaboratiboak erabiltzerakoan: solasgunea (proiektuaren garapena), bideokonferentzia (Closing Party) eta marrazki kolaboratiboa eTwinning Live arbela digitala erabiliz). Lana ebaluatzeko Google Drive bidez inkestak egin zaizkie familiei, irakasleei eta ikasleei. Jarduera guztietan sormena sustatu da, ikasle guztien irudimena eta parte hartzea bultzatuz.

TwinSpacerako esteka

Proiektuaren TwinSpacearen orrialdeetan eta Egunerokoan emaitzak, bideoklipak, aurkezpenak eta bestelako materialak ikus daitezke. https://twinspace.etwinning.net/18324/home

Bestelako estekak

Proiektuaren jarraipen bloga, hezkuntza erkidegoari, bereziki familiei, zuzendutakoa  http://blocs.xtec.cat/yourdigitallife.

Ikastetxearen web orria, non eTwinning ikastetxe bat garela ziurtatu daitekeen. Proiektua hedatzeko erabili dugun ikastetxearen blogera, Facebook profilera eta Twitter profilera ere sar daiteke. http://www.fedac.cat/prats/

Facebook https://www.facebook.com/fedacprats

Twitter @FEDACPrats

 

Xedea

Gure xedea gure ikasleen konpetentzia digitalak ezagutu eta garatzea zen, irakatsi, ikasi eta komunikatzeko tresna batez gain, irakasle eta gurasoei haurrek horri buruz zer jakin behar duten ulertzen laguntzeko tresna baten moduan ulertuta. Adibidez, nola erabili teknologia era egoki eta seguruan eta gizakiok teknologiarekiko dugun mendekotasunaz kontzientzia hartzea.

Your digital life padlet

1) Nola sortu zen proiektu hau egiteko ideia?

Your digital life delakoan parte hartzera batu nintzenean proiektua dagoeneko onetsita zegoen. Ikastetxeko formakuntzaren ondoren –eTwinning Tailerra-, bertan parte hartzera animatu nintzen. Hortaz, programa zoragarri honetan “hasi berria” naiz.

Proiektu ezberdinei buruzko informazioa bilatu nuen, baina nire ideia nagusia Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiekin lotutako proiektu batean parte hartzea zen, eta Your digital life topatu nuen, nire ideia guztiak jasotzen zituen proiektu ederra.

Eta proiektuaren fundatzaileek dagoeneko dena antolatuta zuten arren, ideia eta proposamen berriak gehitu ditut uneoro proiektuaren garapena era adostuan egokitu ahal izateko. Adibidez, solasguneak, bideokonferentziak, Quizziz, marrazki kolaboratiboak… egitea. Kide guztiek egin duten lana taldekatzeaz ere arduratu naiz: How technology influences our lives, Privacy on the internet and the ups and downs of digital life, Using technology in everyday teaching horiek guztiak hainbat esteka dituen irudi batean laburtuta jaso dira, Thinglink tresna erabiliz.

virtual board Your Digital Life

2) Ikasleak hiritar digital diren aldetik hezteko proposatutako jarduerak (gailuak eta sarea era arduratsuan erabiltzea, interneten jokatzeko jarraibideak -bereziki sare sozialetan-, erabiltzaileak errespetatzea, eskubideak eta erantzukizunak testuinguru birtual batean)

TwinSpacean proposatu ziren jarduera guztiak ikasleak hiritar digital moduan heztea zuten helburu, horretarako lantzen genuen tresna bakoitza era arduratsuan erabiltzea sustatuz.

Eman genuen lehenengo urratsa ikasleek TwinSpacean erabiltzaile bat egokitzea izan zen. Haiek egin zezaketenari eta egin ez zezaketenari buruzko arauen taula bat sortzeaz arduratu ziren; eta, noski, taula horretan arauak errespetatzen ez baziren ondorioak zeintzuk izango ziren zioen atal bat idatzi genuen. Gauza zentzudunak atera ziren eta haiek oso argi zituzten.

Jarraian, TwinSpaceko egiazko lehenengo jarduera aurkezpena izan zen. Littlebirdtales erabili genuen, ikasleek argazki bat igo, haien deskribapena idatzi eta haien ahotsa grabatzea ahalbidetzen duen tresna zoragarria. Klasean egin genuen jarduera horretatik abiatuta, argazkiak internetera igo eta edozeinek ikusi ahal izateko publiko egitea zein garrantzitsua den, nolako argazkiak argitaratzen ditugun, non… eztabaidatu genuen. Eztabaida luzea izan zen eta gurasoei jakinarazi genien, haiek etxean jarrai zezaten. Oso interesgarria izan zen.

Hurrengo jarduera ikasleek gailu teknologiko baten aurrean ematen dituzten ordu kopuru handiaz kontzientziatzea izan zen (mugikorra, tableta, ordenagailua, telebista…). Haiek informazioa jasotzeko zein tresna erabili nahi zuten aukeratu zuten, grafikoak erabili zituzten eta haiekin astean gailu digital baten aurrean zenbat ordu ematen dituzten eztabaidatu genuen.

Egin genuen hirugarren jarduera interneteko segurtasun arauei buruzkoa izan zen eta PowerPoint bikain bat diseinatu genuen. Aldez aurretik informazio bilaketa sakon bat egin genuen orrialde ezberdinetan eta http://internetsegura.cat webgunean arauekin lan egiteko eta gure arauak sortzeko informazio ugari topatu genuen. Informazio hori interneteko segurtasunarekin lotuta ikusi eta komentatu genituen hainbat bideorekin osatu genuen.

Laugarren jardueran gure ingurua aztertu genuen eta ikasgelan zein tresna teknologiko erabiltzen genituen ikusi genuen. Zeintzuk genituen, nola erabiltzen genituen, aurrerantzean nola erabil genitzakeen proposatu genuen, zeintzuk falta ziren, zergatik eta nola erabiliko genituen eztabaidatu genuen.

Proiektuaren barruan programatuta zeuden jardueretan parte hartzeaz gain, hainbat artikulu eta bideo landu genituen kritika eta hausnarketa sustatuz.

3) Interneten eta sare sozialen testuinguruan pentsamendu kritikoa, hausnarketa, zentzua, sustatzeko proposatu/egin diren jarduerak.

Jarduera ugari egin ditugu, haietako batzuk hezitzaileak, eta besteak, hausnarketa eta pentsamendu kritikoa sustatzeko. Gaiari buruzko ikuspuntu ezberdinak izaten lagundu ziguten bideo, albiste, konferentziak eta bestelako baliabideak bilatu genituen.

Ikasleak oso harrituta geratu ziren sare sozial edo solasgune batean partekatzen den irudi batek nolako arazoak sor ditzakeen ikustean, argazki horiek erabiltzaile batetik bestera pasatzen joan daitekeelako kaltetutako pertsonak jakin gabe. Horrek zirrara eragin zien.

Egunkari ezberdinetan argitaratutako albisteak, irratian eta telebistan emandako berriak komentatu genituen eta pertsona batzuek irudiak zein gaizki erabiltzen dituzten hausnartuz eta kritika eginez, ohartu ziren haiek ere batzuetan irudiak gaizki erabiltzen zituztela, gehiegi fidatzen zirela eta inozoak zirela.

Hausnartzen eman genuen denbora da nik gehien baloratzen dudana, izan ere, haurra dituen arriskuez eta nola saihestu ditzakeen kontziente izan dadin laguntzen baitu.

4) Nola jokatu dute ikastetxeak/klaustroak/irakasleek ikasleak gizarte arduratsu baten parte izatea helburu duen proiektu honetan (adib. datu pertsonalak argitaratzerakoan eta iruzkinak egiterakoan arriskuak saihesten erakutsiz…)?

Proiektua laugarren mailako ikasleekin egin bada ere, irakasle guztiak egiten ari ginenaren jakitun ziren. Irakasleek ideiak eman eta aztertu dituzte eta ikasleekin gai honi buruz hitz egin dute. Herritartasun digitala eta muga digitalak gaur-gaurko gaiak dira eta irakasleak zein gurasoak kezkatzen dituzte.

Ikastetxeak berebiziko funtzioa bete du proiektu hau gauzatzerakoan, izan ere, haren onarpen eta laguntzarik gabe ezinezkoa izanen litzateke proiektua aurrera eramatea.

Guztioi esker gai honi buruzko kezka islatzen duen proiektua egin genuen. Askotan “Mossos d’Esquadra” poliziakideekin konferentziak koordinatu genituen familiek haien txikien eguneroko “digitala” ikuskatzea zein garrantzitsua zen kontzientziatzeko.

Gaia oso garrantzitsua izateaz gain, haurrengan eta familiengan izan zuen eragin nabarmena dela-eta, 2016ko irailaren 30ean ikastetxean interneteko ziurtasunari buruzko konferentzia bat eman zen familia guztientzat. Bertan, poliziak (Mosso d’Esquadra) hausnarketa hau egin zuen: Gure haurrei ez diegu erosketa egitera bakarrik joaten uzten, baina ez dugu inongo arazorik 2 orduz gailu mugikor batean aritzen uzten. Esaldi honek familia asko hunkitu zituen.

5) Nola sustatzen du eTwinning proiektu honek herritartasun digitala? Plataformako zein eremu eta tresnek laguntzen dute herritartasun digitalean era eraginkorrago batean heztera? Espainian eta Europako zure kideen lurraldeetan gai hau berdin tratatzen al da? Zeintzuk dira ezberdintasunak eta antzekotasunak?

eTwinning proiektuak mundu digitalari dagokion guztia kontuan hartzea sustatzen du eta, eragin-esparru ezberdinak azaletik tratatu ohi direnez gero, beharrezkoa da era jakin batean lan egitea esperientzia txarrak eta ohitura txarrak murrizten saiatzeko. Mundu hori guztia zaindu eta indartu behar dugu IKT tresnetan oinarrituta lan eginez, esperientziak baloratuz, bizipenak banatuz eta era zuzen batean lan eginez. Kasu honetan, herritar digital kontzeptu zabalak duen esanahiaren zati txiki bat besterik ez da.

TwinSpace espazio kolaboratiboak tresna ugari eskaintzen ditu (besteak beste, bideokonferentzia, solasgunea, marrazki kolaboratiboa…). Horiek guztiek digitalki hezten laguntzen gaituztela uste dugu, izan ere, tresna konplexuak dira baina espazio honetan erabiltzen errazak direla ematen du eta erabiltzaile guztiok erabil ditzakegu. Bestalde, proiektuan parte hartzen duten pertsonen zereginen atalaren balorazio oso positiboa egiten dugu. Irakaslea naizenez gero, ikasleei sarbidea eman diezaieket plataforma bisitatzeko eta iruzkinak eta ekarpenak egiteko aukera dute. Ikasleentzako kontrol aukera ezberdinak daude proiektuan parte har dezaten.

Lurralde guztiekin koordinatzen eta proiektua berdin kudeatzen saiatu gara, haurren pribatutasuna errespetatuz. Horrez gain, jarduerak mota ugaritako tresnak erabiliz aurkeztu ditugu.

6) Nola lagundu dute ikasleen familiek herritar aktiboak izan daitezen hezteko? 1etik 10erako eskala batean, eta oro har hitz eginez, zein toki hartuko luke familia hauen herritartasun digitalak? Gai honi buruzko bestelako formakuntzarik al dute?

Familiek jarduera batzuetan eta behar izan dugun heinean parte hartu dute. Etxean haien seme-alabak herritartasun digitalean hezten saiatzeko lan handia egiten hari dira.

Ukaezina da familiek haien artean komunikatzeko Teknologia Berriak geroz eta gehiago erabiltzen dituztela. Hori dela-eta, haien seme-alabak inguratzen dituen mundua kontrolatzeko beharra ikusten dute. Familiek eta ikastetxeak egin duten lanari esker, ikastetxeko haurrak herritar digital arduratsuak izan daitezen lor dezakegu.

Familia guztiek formakuntza dute, guztiok gure bizipenei, gure adiskideen anekdotei eta abarrei esker ikasten dugu, baina ikastetxean ere, behintzat, gai digitalekin eta “Interneteko segurtasuna” gaiarekin zerikusia duen konferentzia bat eskaini dugu. Gure ustez, hau lagungarria da familiek kontzientzia har dezaten bizi dugun mundua nolakoa den eta zer nolako arriskuak ditugun uler dezaten.

Familien parte-hartzea bikaina izan da. Haien laguntza eta parte-hartzea behar izan dugun guztietan oso kolaboratzaileak izan dira. Egin duten lan handiena etxean hitz egitea izan da, haien seme-alabak herritartasun digitalean hezteko eta dituzten arriskuez kontzientzia hartzeko.

7) Ikasleek proiektua/jarduerak egin aurretik eta ondoren sarean jokatzeko arauei buruz zuten ideia aldatu al da?

Ikastetxetik uste dugu ikasleek proiektu honetan parte hartu aurretik eta ondoren sarean jokatzeko arauei buruz duten ideia ezberdinak direla eta gehiago dakitela, baina oso gai garrantzitsua da eta ezin dugu bere horretan utzi, lantzen jarraitu beharra dago. Ideia, eduki eta esperientzia berriak suertatzen dira beti eta garrantzitsua da ikasleei oroitarazi eta azaltzea. Gutxika interneten idatzi, zintzilikatu eta argitaratzen dugun hori zaintzeak duen garrantziaz eztabaidatzen jakin behar dute.

Ez dugu segurtasunaz hitz egin behar soilik. Teknologiak eskuragarri uzten dizkigun gailu ezberdinen bidez komunikatzeko ditugun erez ere hausnartu behar dugu.

Mugikorraren bidezko komunikazioaz galdetzen badiegu (batzuek gailu hau erabiltzen dute dagoeneko), haiek laburdurak erabiltzen dituztela diote, azkarrago idazten dutelako eta adiskideek mezua ulertzen dutelako. Hori egia da, baina horrek testu baten idazkeran eragiten du. Honi buruz hitz egin ondoren, ikasleek argiago dute laburdurak noiz erabili behar dituzten eta noiz ez, laburdurak ezin baitira kasu guztietan erabili.

Deskargen gaineko erantzukizunaren kasuan ere (gehiengoak tableterako edo mugikorrerako aplikazioak jaisten ditu, momentuz ez du musikarik deskargatzen), kontzientzia handiago dago. Batzuek haien anai-arrebek, lehengusu-lehengusinek, adiskideek musika deskargatzen dutela eta autorea nor den kontuan hartu gabe egiten dutela diote. Gaia landu eta gero, ikasle batzuek zer egin dezakegun eta zer ez kontuan hartuko dutela diote, eta beste batzuek inplikatutako pertsonei azalduko dietela esaten dute.

Beraiek egiten dituzten argitalpenen gaineko eskubideei dagokienez, oraindik txikiak diren arren (8-9 urte), batzuetan pixka bat probokatiboak izateagatik sarera igo behar ez lituzketen argazkiak igotzen dituztela aitortzen dute. Ikasleek argi dute mugak gainditzen ari direla, baina berdin zaie argazki probokatibo bat zintzilikatu edo ez, profil publiko ala pribatu bat izan. Horiek dira ikasleek botatzen zituzten ideietako batzuk.

Eta amaitzeko, ergonomiaren gaia asko landu dugu ikasgelan. Oso garrantzitsua da gailu digital baten aurrean lan egiterakoan gorputz-jarrera egoki bat izatea, alderdi honi jaramonik ez egitekotan gure osasuna kaltetu baitezakegu. Hasieran, irakasleak behin eta berriro errepikatu behar zuen zein gorputz-jarrera mantendu behar zuten, baina ikasturteak aurrera egin ahala, ikasleek elkarri zuzentzen zioten eta azkenean gorputz-jarrera egokian eta adostutako atsedenaldiak errespetatuz lan egitea lortu genuen.

8) Nolako eragina izan du proiektu honek klaustroan? Sarean izan beharreko jokabideari dagokionez sentsibilizazio handiagoa al dago? Neurri gehiago hartzen al dira, nolakoak? Jokabide txarrak zuzentzen al dira? Protokolo berriak ezarri al dira? Informatika gelako altzarien kokapena aldatu al da?

Uste dut eragin handia izan duela. Klaustro osoak interes handiak erakutsi du gaian eta ikasleei formakuntza ematea eta irakasleak eta familiak informatzea beharrezkoa dela esan du. Ikastetxean gure inguru osoa bizi garen inguru digitalaz sentsibilizatzea dela uste dugu eta horretarako lan egiten dugu.

Horretarako neurri ezberdinak hartu ditugu. Gure ikastetxeak lehen hezkuntzan bakarrik irakasten du eta ikasleak oraindik oso gazteak dira eta ez dute helbide elektroniko pertsonalik. Azken zikloko ikasleek ordea badute helbide instituzional bat ikastetxearen plataforman lan egin ahal izateko eta irakasleek berrikusi egiten dute.

Atal ezberdinetan errepikatu dudan moduan, ikastetxeak familien zein ikasleen formakuntzari garrantzi handia ematen dio eta gaiari buruz hitz egiteko konferentziak eta mahai inguruak lehenesten ditu.

Jokabide okerrei erreferentzia egiten zion guztia zuzentzen saiatu ginen, betiere ikastetxetik kontrolatu ahal baziren, eta ikastetxetik kanpo gertatzen zirenetan, familiarekin hitz egin genuen eta egoera nola kudeatu adosten saiatu ginen. Proiektuan parte hartu ondoren eta izandako bizipenak baloratu ondoren, zenbait gauza aldatu ditugu, adibidez: informatika gelako ordenagailuak alde batean kokatu ditugu irakasleak haurrek egiten duten guztia kontrolatu ahal izan dezan eta horrela behar denean zuzenketak egin edo ikasleak zoriondu ditzan.

9) Gaiarekin lotuta dauden proiektuari buruzko bestelako iruzkinak

Proiektuko ia kide guztien inplikazioa eta uneoro egon den sintonia bikaina azpimarratu nahi ditut. Horrek proiektua ongi garatzea ahalbidetu du, jarduerak, era adostuan, behar zenean egokituz.

Comparte esta noticiaTweet about this on Twitter
Twitter
Share on Facebook
Facebook
Share on LinkedIn
Linkedin
Ikastetxeko taldeak
Reglamento de protección de datos (información básica)

En cumplimiento de la normativa de protección de datos personales, le informamos de que sus datos serán incorporados al tratamiento denominado “eTwinning participación”, cuya finalidad es la participación en el proyecto de colaboración europeo eTwinning.

Puede usted ejercitar los derechos de acceso, rectificación, oposición, supresión (“derecho al olvido”), limitación de tratamiento y portabilidad y a no ser objeto de decisiones individuales automatizadas que sean de aplicación de acuerdo a la base jurídica del tratamiento. Podrá hacerlo en la sede electrónica del ministerio (http://www.educacionyfp.gob.es/servicios-al-ciudadano-mecd/catalogo/educacion/varios/proteccion-datos.html), presencialmente en las oficinas de registro o por correo postal.

Al rellenar y enviar este formulario usted concede su consentimiento inequívoco para el almacenamiento de sus datos en nuestros ficheros tal y como se especifica en nuestras normas de privacidad.

Dejar un comentario

Your email address will not be published. Required fields are marked *