IKT tresnak

content-image.php

Maketatzea asmatzea da

Maketatzea asmatzea da

Irakasleaz gain eTwinningeko enbaxadorea den Francis Alések era digitalean maketatzeko tresnen alderaketa aurkezten digu. Aipatzen dituen tresna guztiak bai ikasle bai irakasleentzat erabiltzeko errazak dira eta oso baliagarriak eTwinning proiektuen emaitzak era digitalean argitaratzeko.

Irakasle eta ikasle guztiok proiektuen emaitzak aldizkari digital moduan argitaratzeko beharra izan dugu noizbait. Aldizkari formatua oso erakargarria izan daiteke beharrezkoak diren tresnak eta haiek kudeatzeko nahikoa ezagutza izatekotan. Era horretako tresnak erabiltzera ausartzen diren horiek normalean ideia handi bat izan ohi dute gogoan, prozesu osoan zehar gauzatuz joaten dena, eta maiz, ongi aukeratuz gero gogoberotzea eragiten du, edo gaizki aukeratzekotan gure argitalpenean jarria genuen ilusioa galtzea dakar. Artikulu honek helburu bikoitza du; batetik, ikasle eta irakasleei aplikazio hauei buruzko orientabideak ematea, eta bestetik, online maketatzeko tresnak eta software tradizionala alderatzea.

Maketazio digitala online

Azken urteotan online maketatzeko tresnak zabaldu egin dira, hodeian zuten tokia berretsiz, beste edozein 2.0 tresnaren moduan. Arrakasta horren zati handi bat online erabiltzeko eskaintzen dituzten erraztasunei zor zaie, izan ere, maketazioari buruzko ezagutza gutxi izan arren emaitza bikainak lortzen baitira; funtsean, konputazioaren alorrean WYSIWYG (“What you see is what you get” edo “ikusten duzuna jasotzen duzuna da”) moduan ezagutzen den sistema erabiliz lortu da arrakasta hori. Haiei esker dokumentu bat idazten dugun bitartean behin betiko emaitza ikus dezakegu. Eskaintzen dituen beste abantailetako batzuk aldizkaria esportatzea eta PDF bezalako euskarri hedatuetan deskargatzea eta enbebitutako HTML kodea gure webgune edo blogerako kopiatu ahal izatea, eta horrela orrialdea aurrera eta atzera pasatzeko flash efektu deigarriak baliatzea.

 Interneten gai honi buruzko bilaketak egiterakoan emaitza mordoa agertzen da. Agertzen diren tresna gehienek ordaintzera behartzen gaituzte eskaintzen duten potentzial guztia erabili nahi badugu, baina badaude guztiz doakoak diren baina funtzio mugatu batzuk dituzten tresnak ere. Hezkuntzari dagokionez, proiektuak aurkezteko ez da beharrezkoa maketazio ezaugarri aurreratuak erabiltzea ez ñabardura txikiak edizio grafikorako iragazki konplexuekin editatzea; baina bai fitxategiak esportatzeko ezaugarriak izatea, lan berriak hodeian gordetzea eta txantiloi pertsonalizatuak eskura izatea, besteak beste.

 Gaur egungo online tresnen ezaugarri komunak dira, esaterako, Google edo Facebook kontuekin saioa era errazean hastea, hortaz, jada erregistratu nahi ez badugu ez dugu zertan egin. Diseinu grafiko intuitiboaren bidez sormena bultzatzen da, normalean irudien datu-base handi batekin lotuta, haietako asko doakoak dira eta iragazki, forma eta tipografia ugari eskaintzen dituzte. Diseinuak berritzaileak dira eta A4, aurkezpenak, sare sozialak, posta elektronikoen goiburuak, posterrak, jatetxeetako menuak, etab. hartzen dituzte. Ikaskideen arteko kolaborazioa ahalbidetzen du irakurri eta idazterakoan, baina agian nabarmenena da hezkuntzarako erabiltzaile profilak eskaintzen dituztela da, baita bestelako abantaila ugari ere: materialak eta unitate didaktikoak, dokumentazioa, erkidego bakoitzean hezkuntzako adituek egindako proposamenak, etab.

 Hona hemen online maketatzeko tresna ezagunenetako batzuk:

 www.canva.com

Canva erabiltzeko erraza da eta guztiz online da, eta abiarazi zenetik hiru urte eta erdi besterik igaro ez badira ere, dagoeneko 10 milioi erabiltzaile ditu. Produktuak gero eta funtzio gehiago dituzten hiru bertsio ditu; Canva (doakoa), Canva for work (ordainpekoa) eta Canva Enterprise (ordainpekoa). Doako bertsioa nahikoa da klaseko lanak egiteko, eta gainerakoak maketazioa era profesionalagoan erabiltzeko dira. Hutsetik abiatuta diseinu osoa online egin nahi bada zerrendako aproposena da. (My favourite book proiektuan tresna hau erabili da poster bat sortzeko).

 https://madmagz.com

Madmagz frantsesa eta webgunea soilik frantsesez eta ingelesez dago. Bertako lanek benetan aldizkari itxura dute eta produktuek ikuspuntu desberdina dute, txantiloietan oinarritutakoa. Alde batetik, txantiloi bakar bat aukeratu dezakegu dohainik edo txantiloi ezberdinak eros ditzakegu. Bestetik, jorratzeko beste 6 aukera daude. Doakoa, Web magazine izena duena, eta nahi adina aldizkari baimentzen dituena, baina PDF eta ur-markarekin deskargatzen duena; edo Premium, Printing, PDF, High Definition PDF eta Self-Hosted Web ordainpeko aukerak. Bezeroak dituen beharren arabera 6 aukera horiek konbina ditzake. (Tresna hau erabiltzen duen eTwinning proiektu baten adibidea: Madmagz: A magazine for young people!!).

 www.lucidpress.com

Lucidpress aukera deigarri bat da, baina doako bertsioak muga handiak ditu aurreko tresnen ondoan. Adibidez, 3 dokumentutako hostinga du, dokumentu bakoitzeko 3 orrialdekoa, 25 MB, PDF kalitaterik ez, ez enbebitutako koderik. Hortaz, Free deitzen den doako bertsioak froga bertsio antza du. Beste aukerak Basic, Pro eta Team dira, hirurak hileroko kota baten bidez ordaintzekoak, eta Free aukeraren gabeziak betetzeaz gain bestelako funtzio gehigarri batzuk ere badituzte, taldean lan egitearena adibidez. Halaber, hezkuntzako profila eguneratzea ahalbidetzen du, doako aukera nabarmen hobetuz.

 https://issuu.com

Issuu digitalizatutako materiala hodeira igo eta ondoren pertsonalizatzea ahalbidetzen du, esaterako PDFn dauden dokumentuak, liburuak, egunkariak edo aldizkariak. Partekatzeko era ugari ditu, txertakuntza barne, eta gaur egun aldizkari digitaletan gehien erabiltzen den tresna da. Planak Basic, Starter, Premium eta Optimum dira. Basic doakoa da eta gehienez ere 500 orrialde edo 100 MB argitaratzea baimentzen du. Gainerako ustiapen planak ordainpekoak dira eta ezaugarri gehiago dituzte, esaterako, pantaila osoan irakurtzea, iragarkiak ezabatzea, estatistikak kontrolatzea eta talde ezberdinen arteko kolaborazioa. (Tresna hau erabiliz egindako eTwinning proiektu baten adibidea: ICT World-Imaging, Coding, Transforming and Simulating the World).

 www.yumpu.com

Yumpu tresnak ere PDF batetik abiatuta online aldizkari bat sortzea ahalbidetzen du. Free aukera egokiena da eta aldizkari eta orrialde kopuru mugatua baimentzen duen arren, HTML5, Flash eta JavaScript euskarriak baimentzen ditu. Gainerako aukerak, Adfree, Webkiosk, Appkiosk eta Prokiosk alegia (guztiak hileroko koten bidez ordaintzen dira) funtzio gehigarriak dituzte, batzuk oinarrizkoak iragarkiak ezabatzea adibidez, eta beste batzuk konplexuagoak, esaterako tableta eta mugikorrentzako euskarria (bereziki Iphone eta Ipadak) eta harpidetzak kudeatzea eta ordainketak online egitea. Halaber, nabarmendu beharra dago zure kiosko digitala diseinatu eta beste erabiltzaileek argitaratutako edukietan nabigatu dezakezula.

 www.youblisher.com

Youblisher sinplea da eta Yumpu eta Issuuren oso antzekoa. Azpimarratzekoa da erabiltzen oso erraza dela, izan ere, PDFa igo –fitxategia bera edo URL bidez– eta aldizkariaren Flasha eskuratzen da orrialdeak pasatzeko tresna barne, ondoren zabaltzeko. Kontua guztiz doakoa da eta nahi beste argitalpen sor daitezke.

 Maketatzeko software tradizionala

Hodeia erabili nahi ez denean, aukera nagusia software tradizionala da oraindik ere; hori bai, lehenago zegoen online aukerak eskaintzen ez zituen hobekuntza eta aukera askoz gehiagorekin, batez ere haren ikusmoldea dela-eta. Orain helburua sakontasunez lan egitea eta bururatzen zaigun diseinuaren edozein alderdira iristea, nahiz eta zaila iruditu. Horretarako, argi dago aldez aurretiko prestakuntza behar dela aplikazio horiek erabili nahi baditugu, eta ez duela zertan ikaskuntza prozesu luze eta zaila egin behar emaitza onak lortzeko.

 Egia da diseinu eta maketaziorako software mota horren barruan garrantzitsuenetako bi, aspalditik ezagunak eta erabiliak direnak, Adobe InDesign eta QuarkXpress direla. Alabaina, programa horiek profesionalak diren arren, komertzialak dira, eta airea hartu berri duen aldizkari batentzat garestiegia izan daiteke, batez ere edizio txikiez ari bagara; are gehiago hezkuntzako ikasgelako lanetarako. Hortaz, ideia on bat software librea erabiltzea izan daiteke, batez ere aurrekoek eskaintzen dituzten diseinu eta maketazio funtzio berdinak eskaintzen badizkigu. Ildo horretan, Scribus programa on bat da, kode irekikoa (software librea) izateagatik eta argitalpenen diseinuan eta maketazioan errendimendu handia eskaintzeagatik nabarmentzen dena. Gainera, Windows, Mac OS X, Unix eta GNU/Linux-entzat eskuragarri dago. Beste abantaila bat 24 hizkuntzatan, gaztelania barne, eskuragarri dagoela da.

 Azter ditzagun hiru aukera ezagun hauek eta haien ezaugarri interesgarrietako batzuk deskriba ditzagun:

www.adobe.com/InDesign

Adobe InDesign funtsezkoa da aldizkari, liburu edo egunkarien diseinua menderatu nahi badugu; gaur egun bannerrak, txartelak eta sare sozialak bezalako edozein ikuspuntu digitalera egokituta dago. Diseinu editorialerako programen artean ahalmen handiena duenetako bat da, eta ia inprimatu nahi den proiektu oro gauzatzea ahalbidetzen digu, nahiko baliabide solidoak ditu eta erabiltzeko erraza da. Alde txarra kostua da, ez baita doakoa, baina erosketa aukera ezberdinak daude eta Adoberen beste produktu batzuekin batera eros daitezke. Orain dela gutxi “Creative Cloud” zerbitzuarekin erosteko aukera eskaintzen hasi ziren. Zerbitzu hau hodeiaren bidez Adobe aplikazio guztietara sartzeko eta mugikorretako eta idazmahaiko gailu guztietan erabiltzeko abonu bat da; halaber, % 65eko beherapenak eskaintzen ditu ikasle eta irakasleentzat. Hileko ordainketen bidez egiten diren urteko planen prezioak aldatu egiten dira segun eta soilik InDesign aukeratzen den, partikular batentzat “Creative Cloud” esperientzian dauden aplikazio guztiak hartzen diren edo aukera horretako hezkuntzako bertsioa aukeratzen den. Software hau ongi probesteko prestakuntza izatea garrantzitsua da, baina aldi berean, guztietan ezagunena denez gero interneten erabiltzen ikasteko doako tutorial ugari daude.

www.quarkxpress.com

QuarkXpress maketazioaren arloan agertu zen lehenengoetako bat da. Hasiera batean diseinu editorialera eta egunkariak, aldizkariak, liburuak, etab. argitaratzera bideratuta zegoen. Baina, denborak aurrera egin ahala garatu egin da eta diseinuari buruzko ikuspuntu mordoan lan egiten du. 2016ko bertsioaren prezioa aurreko aukera baino altuagoa da, baina aplikazioaren deskarga osoa barne hartzen du, eta hortaz 2017ko bertsioa doan jaso daiteke. Ikasleentzako bertsioa merkeagoa da eta aplikazioan zenbait muga dituen arren, bere webgunean 24 orduko laguntza zerbitzua eskaintzen du eta datu-basean dokumentazio eta euskarri mordoa dago, eta horrek online formakuntzan ikaragarri laguntzen du.

 www.scribus.net

Scribus aldizkariak doan eta era eraginkorrean diseinatzeko aukera bat da. Maketazio programa honen ezaugarri nagusia kode irekia (software librea) duela da. Argitalpenak diseinatzerakoan errendimendu handia eskaintzen du, PDF euskarrian esportatzea ahalbidetzen du eta hainbat aukera eskaintzen ditu. Nabarmendu beharreko beste puntu bat plataforma ugaritan deskargatu daitekeela da. InDesign eta QuadXPress ordainpeko aukerak soilik Windows eta mac OS Xentzat eskuragarri daudela kontuan hartuta, Scribusek abantaila handiak eskaintzen ditu horiez gain, Linux, FreeBSD, PC-BSD, NetBSD, OpenBSD, Solaris, Open Indiana, Debian GNU/Hurd, OS/2 Warp 4, eComStation eta Haiku ahalbidetzen dituelako. Halaber, gordailuen iturri ofizialak eskaintzen ditu Ubuntu, Fedora, CentOS, RedHat, Suse, Debian eta beste zenbaitentzat. Scribusen sortzaileek argi utzi nahi dute erabiltzaileak software librea erabiliz bere datuen gaineko kontrola duela, eta edozein motatako argitalpenak egin ditzakeela, esaterako, aldizkariak, liburuak edo “Manufacturing Artwork”, alegia, instalazio giden edo erabiltzaileentzako giden diseinua. Erabiltzen hasi baino lehen gidaren bat erabiltzea komeni da, adibidez, bere wiki webgune ofizialak eskaintzen dituen gidaliburuak, foroak, blogak, “howto” eta “faq” direlakoak, baina interneten ere aplikazio hau erabiltzen ikasteko gidaliburu eta tutorial ugari.

Diseinu grafikoko softwarea maketazio softwareari laguntzeko

      Diseinu grafikoko softwarea maketazio softwareari laguntzeko erabiltzea ohikoa da. Lehenago aipatu ditugunekin bateragarriak diren eta eskuragarri dauden aukera erabilienak azter ditzagun.

 https://www.adobe.com/es/products/illustrator.html

Adobe illustrator garrantzitsuenetako bat izateaz gain, Adobe Photoshopen osagarri bereizezina da. Haiekin batez ere bektore, irudi eta testuekin lan egin ahal izango dugu. Adobe illustrator diseinu grafikoko oinarrizko zereginetarako erabil dezakegu, baina diseinu editorialeko proiektuak garatzeko ere erabil dezakegu, Adobe InDesign edo besteren bat erabiltzen ez jakitekotan. Zertxobait zaila eman dezakeen arren, diseinu grafikoko software hau erabiltzen ikastea eta menderatzea erraza da. Gainerako Adobe “Creative Cloud” produktuen moduan, ez da doakoa baina hezkuntzarako beherapenak ditu.

 www.coreldraw.com/

 Corel Draw diseinu grafikoko beste programa bat da Adobe illustratorren antzeko bektoreekin lan egiteko erabiltzen da eta funtzio interesgarriak dituzten programa alternatiboak ditu. Adibidez, Corel Photo Paint Adobe Photoshop bezain profesionala ez den bertsio bat da, baina berdinerako balio du. Corel Drawren abantaila ikasteko eta erabiltzeko errazena den diseinu grafikoko programetako bat dela da. Software hau ez da doakoa, baina Adobe baino zertxobait merkeagoa da eta CorelDraw Home & Student Suite X8 deitzen den ikasleentzako bertsioak beherapenak ditu.

 https://www.gimp.org

Gimp bikaina da diseinu grafikorako eta irudien tratamendurako, eta bere webgunearekin Scribusekin eta beste programa batzuekin batera haiek “Desktop Publishing Workflow” deritzotena osatzen dute, hau da, argitalpen digitalerako software libreko suite bat. Gimp Adobe Photoshopen estiloko aplikazio bat da, diseinatzaileek argazki digitalak eta eskaneatutako irudiak tratatzeko erabiltzen dutena. Gimp ere, Scribus bezala, software librea eta plataforma anitzekoa da. Lehenago aipatu ditugun ordainpeko aukerak –Corel Draw eta Adobe illustrator kasu- Windows eta Mac OS Xen deskarga daitezkeen bitartean, Gimp Linuxen ere eskuragarri dago. Bere webgunetik dokumentazio eta tutorial bikainetara sar gaitezke. Hizkuntza ugaritan daude hein batean software librea den aldetik eta garatzaile zein erabiltzaileen laguntzari esker. Laburbilduz, Scribusentzako osagarri paregabea da eta harrigarria da zein erraz erabiltzen den. Halaber, potentzia handiko tresna da, funtzionaltasun handikoa eta diseinu grafiko profesionalerako bikaina.

 Alderaketaren laburpena

Online dauden aukeretako bat hautatu behar bada, hezkuntzarako bikaina den bat, Canvas aukeratuko nuke. Irakasle zein ikasleek erabil dezakete bai ikasgelan bai ikastetxeko proiektuetan, eta alderdi ekonomikoari eta funtzionalitateari erreparatuta egokiena da. Canvas, Madmagz eta Lucidpress maketazio lanetik abiatuta, hutsetik, PDF dokumentuak sortzeko gai diren tresnak dira. Aipatutako gainerako aukerak, hau da, Issuu, Yumpu eta Youblisher, aldizkari digitala soilik erabiltzaileak igotako PDF batetik abiatuta sor dezakete eta, beraz, funtzio zehatzagoa dute, eta prozesu sortzailera mugatzen dira maketazioaz ari bagara. Hortaz, Canvas garaile ateratzen da doako bertsioa hezkuntzako erabileretarako egokia baita, horretarako oso egokiak diren ezaugarri eta funtzioekin eta, beraz, gainerako aukerak baino abantaila gehiago ditu.

Software tradizionaleko aukeren artean, argi eta garbi Scribus hautatzen dut maketatzeko eta diseinu grafikorako bere osgarria, Gimp. Arrazoiak online aukeretakoak dira, alegia, doakoak dira eta hezkuntzaren esparrurako funtzionalak. Horri software librearen altruismoa gehitzen badiogu, bere abantaila eta alderdi on guztiekin, ez soilik partikularrentzat baizik eta baita erakunde eta ikastetxeentzat ere, orduan apustua argia da, Scribus eta Gimp.

Amaitzeko, online softwarearen eta software tradizionalaren artean aukeratu behar bada, kasuan kasuko baldintzen araberakoa izango da. Internetera konektatzeko arazoak dituzten ikastetxeek edo banda-zabalera txikia dutenek software tradizionalaren alde egin beharko lukete, nire ustez, Scribus edo Gimp aukeratu beharko lituzkete hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, plataforma anitzeko aplikazioak dira, eta jakin badakigu ikastetxeetan sistema eragile ezberdinak dituzten ordenagailu asko daudela. Jarraitzeko, alderdi etikoaz gain, software librea doakoa da eta ikastetxeetako diru-kutxentzat onuragarria da. Azkenik, bai Scribus bai Gimp ordainpeko aukerak bezain profesionalak dira haien funtzionalitate eta emaitzei dagokienez zein euskarri eta dokumentazioari dagokienez. Argi dago esparru profesionalagoetan zenbait ezaugarri eta funtzionalitateren falta hauteman daitekeela, Adobe illustrator eta bestelako tresna propietarioek garatuta dituztenak edo aukera aurreratuagoak eskaintzen dituztenak. Alabaina, hezkuntzaren esparruan, Scribus eta Gimp aukera bikainak dira eta kasu gehienetan ez da haien potentzial guztia baliatuko.

Interneteko konexioarekin arazorik ez izatekotan, online tresnak oso egokiak dira egitekoak ikasgelan garatzeko jarduerak eta oso konplexuak ez diren proiektuak badira, eta hala izaten da kasu gehienetan. Lehenago esan dudan moduan, Canva oso egokia da prezioaren zein eraginkortasunaren aldetik. Doako bertsioak ere abantailak eskaintzen ditu eta nahikoak dira ikasleekin zein irakasleekin ikasturte osoan zehar lan egiteko eta ikastetxeko argitalpenak egiteko.

Errealista izanik, praktikoena online tresnak eta tresna tradizionalak konbinatzea da, kasuan kasuko ikastetxearen egoeraren eta testuinguruaren arabera, esaterako, ikasleen etapa edukatiboa, ekipamendu informatikoa, sareak eta komunikazioak kontuan hartuta. Irakasle garen aldetik gure helburua era honetako praktiken bidez ikasleen sormena garatzea bada edo besterik Gabe ikastetxeko proiektuetan emaitza onak eskuratu nahi baditugu, sortzaileak izatea ezinbestekoa da. Maketatzea asmatzea da, gora Canvas + Scribus + Gimp.

Francis Alés, Leopoldo Queipo BHI (Melilla).

 

Goiburuko irudiaren iturria: Gerd Altman (https://pixabay.com/photo-2007353/)

 

 

 

Enbaxadoreak IKT tresnak Gomendioak
content-image.php

Informazioa antolatzeko mapa mentalak erabiltzen

Informazioa antolatzeko mapa mentalak erabiltzen

Mapa mentala diagrama bat da hitz gako edo ideia ardatz baten inguruan era erradialean lotu eta antolatutako hitz, ideia, ataza eta marrazkiak edo beste kontzeptu batzuk irudikatzeko erabiltzen dena. Mapa mentalak oso metodo eraginkorra dira informazioa atera eta memorizatzeko, eta oharrak jaso eta ideiak adierazteko era logiko eta sortzailea dira, hitzez hitz gai baten inguruko gogoetak kartografiatzean datzana. (iturria: Wikipedia).

(more…)

IKT tresnak
content-image.php

Emaiozu buelta zeure klaseari eTwinning-en bidez

Emaiozu buelta zeure klaseari eTwinning-en bidez

Orain dela aste batzuk egin zen Madrilen Gaztelaniazko Irakasleen V eTwinning Topaketa: Proiekta ezazu eTwinning. Eman eta egin ziren ponentzia eta tailer guztien artean izan zen bat, metodologia hori hartzen ari den garrantziagatik eta duen hazkundeagatik, bereziki nabarmendu nahi duguna. Inmaculada Contreras irakasleak eman zuen tailerra da, “Flipped Classroom. Aprender dando la vuelta a la clase”

(more…)

IKT tresnak