eTwinning 2019 Sari Nazionala: “Saforen arrastoari jarraiki”

eTwinning 2019 Sari Nazionala: “Saforen arrastoari jarraiki”

2018 Europako Ondare Kulturalaren urtea izan da, eta horixe izan zen gure proiektuarekin Safo ospetsuaren figuran sakontzera eraman gintuena. Gainera, Europako artean eta literaturan utzi zigun arrastoa bilatu eta sakonago ezagutu nahi genuen, era horretan, gure ikasleek, gure ondare ukiezinaz gain, Greziak eta Erromak utzitako ondarea balioesten ikas zezaten. 2018. urtea emakumeari buruzko aldarrikapenez beteta egon zen eta nazioarteko mugimendu ezagunen bidez munduari buelta eman zioten. Gure ikasgelan eta eguneroko bizitzetan sartu ziren, adibidez “Me Too” mugimendua eta Espainian, Emakumearen Nazioarteko Egunean, martxoaren 8ko emakumeen greba.

Hezkuntza-sistema aldakor eta anitz honetan, dozenteok gure ikasleak unean uneko eta haien errealitate sozialari buruz hausnartzera bultzatu nahi izan ditugu. Gure ikasleek askotariko jatorriak dituztela eta, haien sorlekuaren arabera, emakumearen figura oso ezberdin tratatzen dela kontuan hartuz, Saforen biografian sakonduz antzina emakumearen figura nolakoa zen iker zezaten nahi genuen, hala haien jatorrizko kulturen eta Antzinaroaren arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak bilatzeko eta, ondoren, egungo egoerarekin alderatzeko. Hausnarketaren, espiritu kritikoaren, sormenaren, elkarlanaren, etengabeko komunikazioaren, elkartasunaren eta erantzukizun partekatuaren bidez gure ikasleek feminitatearen ikuspegi berri bat, emakumearen munduaren ikuspegi eraikitzaile bat, osatu dute.

Berriro pentsatu, sakondu, erlazionatu, ekin edo elkarlanean aritu ikasle eta irakasleek gure proiektua gauzatzen ari ginenean sarrien entzun eta erabili genituen aditzak dira. Hori guztia gure ikasleek gogo biziz eta buru-belarri lan eginez, berehala interes handia erakutsi baitzuten bai proiektuan bai gaian.

Irakasleon xede nagusietako bat, aurretik aipatutakoez gain, gure ikasleak inplikatzea eta interesatzea zen, ezin baitugu ahaztu eTwinning proiektu bat ez dela ezer haren protagonistak gabe, haiek ziren beti erritmoa markatu eta proiektua gauzatu zutenak. Horren atzean dozenteen erabateko planifikazio adostua egon zen beti. Horretarako TwinSpace-k eskaintzen zizkigun tresna sinkroniko zein asinkronikoak erabili genituen. Tresna horiek guztiak izan ziren, halaber, gure ikasleek haien artean komunikatzeko erabili zituztenak: posta, foroak, horma birtual kolaboratiboak (Padlet adibidez) eta beste asko. Baina, zalantzarik gabe, zatirik zirraragarriena zuzeneko topaketak izan ziren, gure ikasleei hartu-emanean aritzeko eta guztiek batera jarduerak egiteko aukera ematen zuten bideokonferentziak. Taldekideak ezagutu eta haien ahotsak entzuteaz gain, elkarrekin komunikatu eta elkarrizketa motz bat izateko aukera izan zuten.

Batzuetan, aitzitik, eskolek ordutegi ezberdinak izateagatik edo denboraz estu ibiltzeagatik, ezinezkoa genuen mota horietako jarduerak egitea. Hala ere, ezin hobe ordezkatu ziren erabiltzeko errazak diren tresna kolaboratibo irisgarriak gure ikasleen esku jarriz. Ikasleek zein jardueratan edo taldetan parte hartu nahi zuten aukeratu besterik ez zuten egin behar. Horrela, dokumentu kolaboratiboak erabili genituen zirriborro gisa, esaterako Meetingwords direlakoak, hitz-hodeiak Answergarden erabiliz, aurkezpenak Prezi erabiliz, bozketak Tricider-ekin, aipatutako Padlet, Calameo edo bideoan egindako aurkezpenak. Proiektu osoan zehar jarduera originalak egin dira ikasgela tradizionalaren monotonia hautsi eta ikaskuntza adierazgarria sustatze aldera.

Proiektuan diziplinartekotasuna bilatu da uneoro. Horretarako, artean edo literaturan ardaztutako jarduerak egin genituen. Arsteps tresna erabiliz galeria birtual bat sortu genuen, eta hari esker hamargarren Musari eskainitako pinakoteka sortzeko aukera izan genuen. Jarduera horrek gure ikasleek artearekiko, haren mugimendu eta autoreekiko zuten interesa areagotu egin zuen. Puntu horretan azpimarratu beharra dago proiektuan parte hartu zuten irakasleek behin eta berriro ohartarazi zietela ikasleei sarean topatzen zituzten irudien egile-eskubideak errespetatzea beharrezkoa dela. Are gehiago, gida gisa erabil zezaketen atal propio bat sortu zuten; bertan, aholkuak eta web-orri interesgarriak eskaintzen zitzaizkien. Literaturari dagokionean, ikasleek poesia safikoaren ezaugarriak eta haren bertso batzuk ikertu eta sakon ikasi behar izateaz gain, literatura unibertsalean izan duen iraupena aztertu behar izan zuten, haren arrastoei jarraituz autore klasiko eta garaikideetan, eta, nola ez, erreferentziazko beste emakumezko olerkarietan. Ondoren, hori guztia Smore tresnarekin egindako canvas batean aurkeztu zuten.

Gako-konpetentziak proiektu osoan presente egon dira, jarduera guztietan haietako bakoitza garatu baita, izan ere, haiekin ikasleen espiritu ekintzailea eta autonomoa, elkarlanean aritzeko eta parte hartzeko gaitasuna, talde-lanean aritzeko gaitasuna eta ikasten ikastekoa sustatzen dira. Gainera, bi lurraldeetako ikasleek haien hizkuntza-komunikazioa nabarmen hobetu dutela ikusi dugu, bai ahoz bai idatziz, batzuek atzerriko hizkuntza bat praktikatzen zutelako eta besteek haien hiztegia aberasten zutelako, idazmena praktikatzen zutelako eta jendaurrean mintzatzen zirelako. Alabaina, konpetentzia digitala izan da proiektuan funtsezko eginkizuna izan duena, gure ikasleek IKT-en erabilera arduratsua egin baitute uneoro, eta, gainera, era kritiko eta arduratsuan erabili baitituzte informazioa eskuratu, aztertu, ekoitzi eta haien ekipoekin partekatzean.

Helburu hori erdiesteko, jarduera guztiak burutzeko ikasleek haien dozenteek proposatzen zizkieten tresnak erabili dituzte edo dagoeneko ezagutzen zituztenak taldeari proposatu dizkiete; hori guztia TwinSpace ireki batean jasoz. Ikaskuntza, dinamismoa, parte-hartzea eta ekipoen arteko kohesioa sustatzea batzuetan ikasleek beraiek prestatutako ebaluazio txikien bidez lortu zen; galdetegi eta quizz-en bidez gainerako ikasleei erronka botatzeko aukera zuten eta.

Proiektuan gure ikasleen lana haien kabuz kudeatzeko gaitasuna in crescendo joan zen, eta ikusi genuen nola lehenengo egunetan gure argibideak behar zituzten lanean hasteko, plataformara konektatzeko edo haien ikaskideekin komunikatzeko, baina amaieran ia autodidakta bihurtu ziren, ia independenteak ziren ikasleak, unibertsitateko ikasleen mailako lan autonomorako eta erabakiak hartzeko gaitasunekin. Ikasgela barruan zein kanpoan lan egiteko eta haien ekipoekin koordinatzerakoan guztien gainerako ikaskideenganako errespetu handia erakutsi zuten, baita ilusio bizia ere haiekin batera lan egiteko ere. Proiektuaren hasieran praktika onen eskutitz bat idatzi zen. Bertan, haien kolaboratzaileekin begirunea izan zezaten gomendatzen zitzaien eta behar bezala idatz zezaten eskatzen zitzaien.

Proiektuaren emaitzak oso baikorrak izan ziren, sentsazio hori bera genuen ikasle zein dozenteek. Guztion artean programatutako zuzeneko ekitaldi batean ebaluazio bat egitea erabaki genuen, iritziak partekatzeko eta ekipoak agurtzeko baliagarria izan zitzaiguna. Gure ikasleen berotasuna eta ilusioak eta proiektuaz esandakoak guregan izan zuen inpaktuaz jakitun egin gintuzten. Elkar agurtu aurretik, ikasle zein irakasleek erdietsitako emaitzez harro, egindako jarduera mordoa gure ikasgeletatik atera eta ikastetxeetan proiektuari buruzko erakusketa bat egitea erabaki genuen. Korridoreak eta sarrera nagusia QR kodez josi genituen, ikastetxeko gainerako ikasleek eta hezkuntza-komunitate osoak eta langileek ikasgelan egindakoa ikus zezaten. Halaber, lana sare sozialetan jakitera eman zen helburu horretarako berariaz sortutako etiketa baten bidez, zeinak gure ikastetxetik kanpoko dozente eta gazteek gure lana ezagutzeko balio izan zuen. Gainera, Kalitate Zigilua jaso eta gero, egunkari ugarik albistea zabaldu zuten, eta gure ahalegin eta lanari buruzko artikulu bat idatzi zuten. Ez hori bakarrik, Govern Balearreko lehendakariak, Francina Armengol andreak, eskutitz bat bidali zuen Josep Sureda i Blanes BHI-ra non eskatzen zion zuzendariari bere partez zorion zitzan proiektuan parte hartu zuten ikasleak eta haien irakaslea.

Hilabete hauetan gogor lan egin dugu, baina aberasgarria izan da, merezi izan du, gure gazteek emakumearen figura historian zehar nolakoa izan den beste begi batzuekin ikusi dutelako, kritikoak izaten eta gaur egun inguratzen dituen desparekotasun sozialari buruz hausnartzen ikasi dutelako, baina baita inguratzen ez dituenari buruz ere. Existitzen diren errealitate asko aldatu behar direla ikasi dute eta, batez ere, emakumea errespetatu eta baloratu behar dela. Safo, bere garaian eta generoan aitzindari eta paregabea, proiektu honen maistra handiena izan da, ikasle zein dozenteentzat. Eskerrik asko, Safo.

Proiektuaren TwinSpace-a hemen bisita dezakezu: https://twinspace.etwinning.net/64489/home

Inmaculada Medina Lapeñak, Rogelio Martínez del Orok eta Lorena Lorentek idatzitako artikulua.

Premios eTwinning 2019 Premios Nacionales Proiektu aipagarriak Uncategorized
Reglamento de protección de datos (información básica)

En cumplimiento de la normativa de protección de datos personales, le informamos de que sus datos serán incorporados al tratamiento denominado “eTwinning participación”, cuya finalidad es la participación en el proyecto de colaboración europeo eTwinning.

Puede usted ejercitar los derechos de acceso, rectificación, oposición, supresión (“derecho al olvido”), limitación de tratamiento y portabilidad y a no ser objeto de decisiones individuales automatizadas que sean de aplicación de acuerdo a la base jurídica del tratamiento. Podrá hacerlo en la sede electrónica del ministerio (http://www.educacionyfp.gob.es/servicios-al-ciudadano-mecd/catalogo/educacion/varios/proteccion-datos.html), presencialmente en las oficinas de registro o por correo postal.

Al rellenar y enviar este formulario usted concede su consentimiento inequívoco para el almacenamiento de sus datos en nuestros ficheros tal y como se especifica en nuestras normas de privacidad.

Dejar un comentario

Your email address will not be published. Required fields are marked *