Ikasgela eleanitzak

Ikasgela eleanitzak

Gomendioak Uncategorized

Ikasgela eleanitzak errealitate bat dira Europan, bereziki lurralde batzuetan eta batez ere hiri handietan. Termino hori aplikatzen zaien ikastetxeetako ikasle gehienek etxean hizkuntza bat hitz egiten dute eta prestakuntza beste batean jasotzen dute. Halaber, iritsi berri diren ikasleak ere barne hartzen ditu, ikastetxean erabiltzen den hizkuntza erabat ezezaguna zaien kasuan.

Gaur egun fenomenoa batez ere migrazioa dela-eta sortzen da eta aniztasun linguistiko eta kultural handiagoa eragiten du eta, beraz, erronka bat ikasgeletan.

Beste erronka bat, akaso ez hain handia, baina bai kontuan hartzekoa, da bi hizkuntza koofizial dituzten autonomia-erkidegoetan eta are CLIL ikasgaiekin (Content and Language Integrated Learning) edo  AICLEekin (Edukien eta Atzerriko Hizkuntzen Ikasketa Integratua) lan egiten dugun dozenteok aurrean duguna.

Haur Hezkuntzan bi hizkuntza edo gehiago erabiltzea era natural eta espontaneoan gertatzen da eta hizkuntza batean edo bestean komunikatzeko premiaren mendekoa da soilik, ahal den neurrian hizlariak erabilitako hizkuntza errespetatuz.

Bestalde, gaur egun Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan nahiko ohikoa da ikasleek hainbat ikasgai ikastea koofiziala ez den beste hizkuntza batean (ingelesa, frantsesa…). Hizkuntza horretan ahozko zein idatzizko ekoizpena hobetzea da xedea. Horrez gain, gerta daiteke bigarren atzerriko hizkuntza batekin ausartzea (frantsesa, ingelesa…) haien eleaniztasuna nabarmen areagotuz.

Hainbat hizkuntza aldi berean ikastea onuragarria da haientzat guztientzat, izan ere, batean eskuratzen diren ezagutzak besteekin lotzen dira. Helburu horrekin ikaskuntza inklusiboa, eleanitza eta kulturartekoa sustatu behar dugu.

Eleaniztasunak ahalbidetzen du ikasleak hizkuntza ezberdinen eduki gramatikal eta semantikoak ezagutzea ez kaxoi banan gisa edo “edukiontzi estanko” gisa baizik eta “totum no revolutum” baten moduan, menderatzen ez duen hizkuntza bat ezagutzen lagunduko diona. Esan genezake etxetik dakarren motxila material berriarekin beteko dela pixkanaka-pixkanaka, baina guztia armonian egongo da guztiak jatorri komun edo behintzat antzekoa baitu. “Translanguaging” edo ikasleak dituen errepertorio linguistiko guztietarako sarbidea da. Ikasleak egiaztatuko du bi hizkuntza edo gehiago naturaltasunez eta bakarra bailiran erabiltzeko gai dela.

Gure ikasgela eleanitzetan erabili dezakegun tresna eraginkorrenetako bat Hizkuntzen Portfolio Europarra (HPE) da, hizkuntzetako ikaslearen garapena erregistratzea ahalbidetzen digun eta hausnarketa eta ebaluatzeko modu ezberdinak sustatzen dituen dokumentu bat.

Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren arabera (20, 34 eta 183 orr., HEEMB 2001) HPEk konpetentzia eleaniztasuna sustatzen du “hizkuntz sail zabal baten era guztietako ikaskuntza-esperientzien erregistroaren bidez; esperientzia horiek beste inola ere ez dute lekukotasunik eta ezagutzarik izango” (34 or., HEEMB 2001), baita erreferentzia-maila komun ezberdinetako garapena agertu ere.

HPE hiru zatitan banatua dago: Hizkuntzen Pasaportea, non titularrak erabiltzen duen hizkuntza bakoitzean duen garapena eta eskuratzen dituen ziurtagiri ofizialak markatzen joaten diren; Biografia Linguistikoa, ikaskuntza-prozesuari buruz hausnartzeko balio duena norberaren bizipenak oinarri hartuta maila formalean zein informalean, eta Dossierra, Pasaportean eta Biografia Linguistikoan jasotzen diren bizipenak eta lorpenak hobekien agertzen islatzen dituzten material guztiak jasotzen dituena.

Ikasgela eleanitzean HPE erabiltzeak hainbat ikaskuntza-estrategia garatzea sustatzen du, izan ere, ikaslea kontzienteagoa da bere ikasteko modu propioaz. HPEk ere informazioa ematen du deskriptoreen eskala ezberdinetan aurrera egitea baldintzatzen duten alderdiei buruz. Adibidez, erregistratu dezakegu, truke linguistiko bati esker, aurrerapauso handiak egin ditugula entzumen- edo interakzio-trebetasunetan, edo idazmenean alderdi estilistiko ugari menderatzeke ditugula oraindik. HPEaren barruan edozein hizkuntzaren erabilera erregistratu daiteke, izan ama-hizkuntza izan testuinguru ezberdinetan ikasitakoa.

Ikasgela eleanitzean egiten ditugun jarduera asko erraz erregistratu daitezke gure HPEaren atal batean edo ugaritan. Era horretan, uneoro gure maila erakusten dugu eta hausnartzen dugu ongi egin dugunari buruz edo nola hobetu dezakegun aurreikusitako xedeak erdieste aldera. HPEri buruz gehiago jakiteko:

eTwinning-ek, Europan eskolen artean kolaboratzeko senidetasun-tresnak antolatzeko balio duen kolaborazio eta ikaskuntza plataformak, lantaldeak antolatzeko tresnak ematen ditu eta 2.0 tresnak integratzen ditu ikasgela eleanitzek eskaintzen dizkiguten abantailak baliatze aldera. Horrela gizarte eleanitz eta kulturanitzaren eredu europarraren kontzientzia sustatzen da.

Jarraian, etapa ezberdinetan, Haur eta Lehen Hezkuntzatik eta Bigarren Hezkuntzatik hasita Lanbide Heziketara, garatutako esperientziak azaltzen ditugu ikasgela eleanitzei eta eTwinning-i dagokienean.

Esperientzia metodologikoak:

Haur Hezkuntza

Prestakuntza Galiziako Haur Hezkuntzako Ikastetxe Eleanitzetan: C.E.I.P Plurilingüe Tirán Moaña; E.E.I As Dunas Panxón; C.E.I.P Plurilingüe Espiñeira Aldán; C.E.I.P Plurilingüe Froebel Pontevedra. Galizian, pasa den ikasturteaz geroztik, eleaniztasuna Haur Hezkuntzako etapara hedatu da. Ekimen hau are arrakastatsuagoa izan dadin, maila horretan aritzen diren eta eTwinning plataformaren bidez parte hartu eta haien bizipenak partekatu nahi dituzten irakasleei prestakuntza ematen ari zaie.

Prestakuntzaren parte gisa, “Zero Waste” proiektuan parte hartzen dute, jada bi ikasturtez aktibo dagoena baina laster amaituko dena. Ekimen horrekin jarraitzeko eta bertako eskolak haiekin kooperatzera animatzeko proiektu berri bat sortu da, aurrekoaren ondorio gisa: “One plastic Bag”. Izenak adierazten duen moduan, haren oinarria da ikasleen familiek era aktiboan parte hartzen duten jardueretan plastikozko poltsak berrerabiltzea. Proiektua curriculumaren arlo ezberdinetan integratzen da, bertako hizkuntzaren erabilera gainerakoekin konbinatuz –galiziera, gaztelania eta ingelesa–, Plastika Ingelesez arloan planifikatutako jardueretarako.

Lehen Hezkuntza

 José Arnauda (Alcoy) ikastetxeak hizkuntza ezberdinen arteko kontaktua sustatzen du eTwinning proiektuen bidez. Orain garatzen ari garen ‘¿Jugamos? Let’s play all together’ proiektuarekin ospitalizatutako haurrak ikasgela arruntetara hurbildu nahi ditugu, eta horretarako Alacant eta Ingalaterrako beste ikastetxe batzuekin kolaboratzen dugu. Jarduera kolaboratiboen bidez oinarrizko konpetentziak hobetzeaz gain, gure ikasleek eta ospitaleko ikasgelako ikasleek etorkizunerako dituzten espektatibak hobetzea da gure ideia. Jarduera guztiek autonomia-erkidegoko hizkuntza eta gaztelania eta ingelesa, atzerriko hizkuntza gisa, konbinatzen dituzte.

Bigarren Hezkuntza

Basauriko IES Urbi ikastetxeak (Bizkaia)   Zu eta ni, lanean elkarrekin  proiektua garatzen du. Bigarren Hezkuntzan Espainia (Hegoalde) eta Frantziako (Iparralde) ikastetxeen artean euskaraz egiten den lehenengo proiektua da. Oinarrizko helburua euskararen ahozko zein idatzizko erabilera indartzea da, bai eta, era horretan, familia-esparruan gehiago erabil dadin ere. Jarduerak zein emaitzak euskaraz garatu dira, eta, bestalde, hizkuntza hori da ikasle zein irakasleen artean egin diren bi topaketetan, Basaurin (Bizkaia) zein Donibane Lohizunen (Lapurdi, Frantzia), erabili dena. Proiektuak lortu nahi du eta bermatzen du parte hartu duten lau ikastetxeek komunean duten –erabilera, euskalki eta aldaera ezberdinak eduki arren– hizkuntza honen ahozko zein idatzizko erabilera. Parte hartu duten ikastetxeetako bi Espainiakoak dira (Nafarroa eta Bizkaia) eta beste bi Frantziakoak (Donibane Garazi eta Baigorri).

Artikuluaren egileak: Begoña Payá, Mela Rodríguez, Karmele López de Abetxuko eta Francisco Miguel García.

Irudien iturria: Elaborazio propioa