eTwinning, guztiontzako eskol-arrakasta

eTwinning, guztiontzako eskol-arrakasta

Uncategorized

Albert Camusek zera esan zuen: Arrakasta lortzea erraza da. Merezi izatea da zailena. Gaur egungo gizartea ez da arrakastarik gabe ulertzen, baina zenbateraino da merezia arrakasta hori? Egungo hezkuntzari erreparatuz gero, herritar arrakastatsuak izango dituen eskola-ikuspegi integrala lortzeko, helburu nagusi hori lortzea ahalbidetuko duten pedagogia berriak inplementatu behar ditugu.

 

Gero eta urrunago gaude errendimendu akademikoa eta ikasleen kalifikazioak eskola-arrakastarekin identifikatzetik. Gaur egun, kontzeptu hori beste alderdi batzuekin lotzen da, besteak beste, bizi garen gizartera eta bizi ditugun aldaketetara egokitzen jakitea eta horretarako prest egotea. Ildo horretan, eTwinning-ek estrategia metodologiko bat eskaintzen du, hazkunde pertsonalerako eta ikasleak komunitatean integratzeko tresnak ematen dituena. Horrek alderdi indibidualak zein kolektiboak kontuan hartzera garamatza, eta garapen mentala eta emozionala sustatzera, arrakasta izan dezagun, lehenik pertsonala eta, gero, kolektiboa.

Badakigu eTwinning funtsezkoa dela horretan, lortzen dela ziurtatzeko osagai guztiak dituelako:

  • Inklusioa: Ikasle guztiek parte hartzen dute proiektuetan. Ikasle bakoitzaren premia pertsonalak kontuan hartzen dituen diseinu batetik abiatuta.
  • Sormena: eTwinning-ek etorkizuneko herritar sortzaileak sustatzen ditu, ekintzailetza eta autonomia sustatuz.
  • Motibazioa: TwinSpace-k eskaintzen dituen baliabideei esker, ikasleek bestela lan egin dezakete, ikaskuntza-prozesuaren erdigune bihurtzen dituzten metodologia aktiboak erabiliz. Era berean, baliabide horiek pertsonalizazioa ahalbidetzen dute, lana euren erritmora egiteko aukera emanez.

Proiektua diseinatzerakoan, gure ikasleen ikaskuntza-profila kontuan izan behar dugu. Izan ere, ikaslea proiektuaren protagonista bilakatzen da, haren funtsezko pieza baita, eta ahaldundua eta legitimatua sentitzen da. Ikaslearen ekarpena funtsezkoa da engranajean, eta horrek berezi egiten du. Horrela jabetzen dira ikasleak duten talentuaz eta ahalmenaz, euren isla modu baikorrean ikusten dute, lorpenak gozatzen dituzte, autoestimua handitzen dute eta segurtasunez egiten dute aurrera eskolako arrakastarako eta arrakasta pertsonalerako bidean. Alde horretatik, eTwinning proaktibitatera garamatzan aldaketa eragiten duen motorra da, eta gure ikasleei aukera ematen die euren premia eta interesetatik abiatuta ikasteko. Horregatik da garrantzitsua familiak eta irakasleak inplikatzea hori lortzeko.

Eskola eta familia dira gure seme-alaben hezkuntzaren oinarri berriak. Irakasleen eta familien artean sortzen den lotura da gure ikasleen ikaskuntzaren gakoa.

Gure ikastetxeetan gero eta agerikoagoa da irakasleen eta familien artean egon behar duen laguntzak eta konfiantzak gure ikasleek bai eskolan, bai familian dituzten zailtasunak arintzen laguntzen duela. Gure ikastetxeek balio sozial, familiar eta kulturalen isla izaten jarraitzen dute, baina ezagutza berriak eskatzen dituen gizarte aldakor honetan, are gehiago; hortaz, beharrezkoagoa da elkarri laguntzea.

Orain, gure ikastetxeak eragile guztiek guztion ongiaren alde parte hartzeko espazioa dira. Espazio bat non elkarlanak gure zentroak ezaugarrituko dituen, eta zailtasunak gainditzeko eta gure ingurune hurbileneko arazoak konpontzeko arrazoiak aurkituko diren.

Gure ikastetxeak eraldatzeko premiak hezkuntza-komunitate osoaren erronka bihurtu behar dira. Eskolaren eta familien arteko lana, gure ikastetxeen antolaketan kohesio handiagoa eta komunitateko sektore guztien arteko harreman eta komunikazio hobea ahalbidetuko duena.

Familiek ikaskuntza-proiektuetan parte hartzea da hezkuntza-berrikuntzaren adibiderik onena. Espainiako gero eta ikastetxe gehiago daude eTwinning proiektuetan izena emanda, eta Europako beste ikastetxe batzuekin lankidetzan arituz, haien premien eta interesen araberako irakaskuntza bilatzen dute. Aniztasuna balio erantsi gisa eta inklusioa ikasgelako aberastasun gisa hartzen duten proiektuak. Era horretan, familiek gure ikasgeletan parte hartzea ahalbidetzen duten lan-dinamikek —hala nola, talde interaktiboek edo solasaldi dialogikoek—, zer irakaskuntza-mota eskaini nahi dugun eta zer norabide hartu nahi dugun zehazten laguntzen dute. Hori ezinbestekoa da hezkuntza-arrakasta eta gure ikastetxeen eraldaketa lortzeko.

Eskola-arrakasta ez da ulertzen hezkuntza-komunitate osoak elkarlanean eta partekatuta egindako lanaren emaitza gisa ez bada. Gero eta beharrezkoagoa da ikastetxeek komunitate baten premiei eta interesei erantzutea. Komunitate horrek bere errealitatea, bere ingurunea, eraldatu nahi du hezkuntzarekin.

eTwinning proiektuen araberako lana, hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa duena, da ikastetxeen errealitatea eraldatzeko agertokirik onena. Hori dela-eta, eTwinning-ek funtsezko zeregina du. Gure ikastetxeek parte hartzen duten proiektu bakoitzean sortzen den lan-giroak herrialdeen arteko mugak gainditzen ditu, eta errealitate eta kultura desberdinak dituzten ikastetxeek ikaskuntza-esperientziak partekatzeko aukera ematen du eskola-arrakasta lortzeko helburuarekin. Arrakasta horri esker, hezkuntza-komunitate osoaren ametsak mami daitezke.