Bideoa oso tresna erabilgarria da eTwinning proiektuak garatzeko. Edukien aurkezpenari dinamismoa ematen die eta ikasleentzat oso erakargarria da. 

Bideo bat informazio garrantzitsua duen dokumentu, egindako jardueren ebidentzia bat, kideen artean komunikatu eta elkarreragiteko tresna bat, ebaluazio-tresna bat eta proiektu batean burututako lana jasoko duen azken produktu bilakatu daiteke.  

Proiektu baten bideoak hobe kudeatzeko gomendio bat da ez biltegiratzea besterik gabe TwinSpace-ko MATERIALAK karpetetan, baizik eta jardueren orrialdeetan estekatu eta argitaratzea. Horrela proiektuan parte hartzen dutenen iruzkin, ohar eta erreakzioekin aberastu daitezke eta elkarreragin-objektu bilakatu. 

Oso garrantzitsua da bideoen edukian arreta jartzea eta non eta nola biltegiratu eta argitaratu daitezkeen ongi erabakitzea. Parte hartzen duten ikasleen segurtasuna eta pribatutasuna berebiziko gaiak dira.

TwinSpace-ra bideo bat igotzeko, aldez aurretik kanpoko webgune publiko eta bateragarri batean kokatu behar da. Bideoak konfigurazio publikoarekin agertzen dira besterik adierazi ezean.. Horregatik, pribatutasun-konfigurazioa ongi aukeratu behar da bideoan aurkeztutako edukiak kontuan hartuz, bereziki ikasleen irudiak eta informazioa agertzen badira.

Une honetan, bideoak kokatzeko bateragarriak diren webgune hauek daude:

  • YouTube. You Tube-k hezkuntzarako berariazko espazio bat du (sakatu hemen sartzeko). 
  • Vimeo bideoak kokatzeko webgune bat da. Arrakasta handia du hezkuntzako ingurunetan eskaintzen dituen prestazioak direla eta. Sakatu hemen sartzeko.
  • DailyMotion. Webgune publiko hauetako batera bideo bat igotzean, pribatutasun-konfigurazioa aukeratu behar da: publikoa edo pribatua. Konfigurazio pribatua aukeratzen baduzu, esleitu diezun pasahitza (Vimeo) edo esteka (You Tube) duten horiek baino ezingo dute ikusi. Horretarako, jarraitu honako urratsak:

1.- Sortu kontu bat YouTube, Vimeo edo DailyMotion webguneetan, horiek baitira TwinSpace-ko materialak atalarekin bateragarriak diren bideoak kokatzeko balio dutenak.

 

2.- Igo bideoa YouTube (Vimeo edo DailyMotion) plataformara pribatutasun-maila “publiko” batekin sistemak      MATERIALAK karpetara igotzean ezagut dezan (modu pribatuan jarriko bazenu, bideoaren URL-a sartzean ez luke ezagutuko).

3.- Bideoa pribatua izan dadin nahi baduzu, TwinSpace-ko MATERIALAK karpetara igo eta berehala, sartu kokatzeko hautatu duzun webgunera eta aldatu konfigurazioa “publikotik” “pribatura” VIMEO-n eta “ezkutukora” YouTube-n.

4.- Aldaketa egin eta gero, eta VIMEO-ren kasuan, bideoa pasahitza sartzen dutenek soilik ikusi ahal izango dute. Hortaz, proiektu bereko bideoetan pasahitz bera erabiltzea eta TwinSpace-ko orrialde pribatu batean ematea komenigarria da. YouTube-ren kasuan, TwinSpace-ra eta bideoaren URL-ra sarbidea dutenek ikusteko aukera izango dute.

Alabaina, gogoan izan YouTube-ren aukera hautatzen baduzu, TwinSpace-ko orrialdeak pribatu mantentzera behartuko zaituela; VIMEO-rekin aitzitik publiko egin daitezke, bideoa ikusteko sarbide pasahitza zein den jakin behar baita.

Hona hemen bideoak kudeatzen lagunduko dizuten hiru tutorial. Klikatu lotutako irudia:

  1. Lehenengoak eTwinning proiektu batean TwinSpace-ra bideo bat igotzekojarraitu beharreko urratsak azaltzen ditu.

     2. Bigarrenak  TwinSpace-tik bideoa nola ezabatu azaltzen du.

     3. Hirugarrenean proiektuen bideoak kokatzen ditugun bi webguneetan bideo baten pribatutasun-konfigurazioa nola aldatu eta kasu bakoitzean nola ikusiko den azaltzen da (publikotik pribatu/ezkutukora).

 

Irudien iturria: eTwinning Laguntza Zerbitzu Nazionalak TwinSpace-ko irudiekin eta Vimeo eta YouTube-ren logotipoekin egindako argazki-muntaketa.