Osasun eta ikaskuntza sozioemozionala

Osasun eta ikaskuntza sozioemozionala

Lehenik eta behin, osasun sozioemozionalak eta horri lotutako gaitasunek gaur egungo hezkuntzan duten garrantziaz arituko gara. Bigarrenik, eTwinning ekintzan irakasleak eta ikasleak gai horietaz nola arduratzen diren eta gaitasun emozionalen eta sozialen garapena aktiboki sustatzen duten proiektuak deskribatu eta aztertuko ditugu. Azkenik, eTwinning proiektu kolaboratiboetan egindako lanean eta dugun eskarmentuan oinarritutako hainbat gogoeta eta proposamen azalduko ditugu.

 

  • Marko kontzeptuala  

Ikerlan eta argitalpen ugarik osasun emozionalaren garrantzia azpimarratzen dute. Garapen iraunkorrerako 2030 Agendaren 3. Helburuak pertsonek bizitza osasuntsua bermatzeko eta ongizatea sustatzeko premia dutela nabarmentzen du, eta osasun mentalak adin guztietan duen garrantzia aipatzen da. Gaur egungo gizartean desoreka emozionalak eragiten dituzten hainbat egoera aipatu dira: bakardadea, gaixotasun mentalak, teknologia berriek eragindako adikzioak, epe ertain eta luzerako konpromisoak hartzeko zailtasuna… Emozioak behar bezala lantzen dituen hezkuntzak erronka horiei aurre egiteko gaitasunak garatzen lagundu behar du, bai eta jakintzaren, afektibitatearen eta etikaren alderdiak lantzen ere. Hezkuntza horrek, gainera, erantzukizun pertsonala indartzea dakar.

Sare eta elkarteetan parte hartzeak nabarmen laguntzen du gaitasun horiek garatzen; izan ere, kideak lankidetzan aritzen dira zeregin komunak egiten, ikasten dute eta elkarri laguntzen diote. Testuinguru horretan kokatzen dira eTwinning-en moduko nazioarteko hezkuntza-ekimenak, emaitza zehatz eta lorgarriak lortzera bideratuak, besteen ezagutza eta estimua, lankidetza eta interdependentzia sustatzen dituztenak. Aipatzekoa da, gainera, hezkuntza-komunitate horiek teknologia digitalak modu positiboan erabil daitezen eragiten dutela, sormena bultzatzen dutela eta autoebaluazioa eta autoerregulazioa sustatzen dituztela. Azken batean, besteak beste, harremanak modu konstruktiboan izaten eta ohitura emozional eta sozial osasungarriak lortzen laguntzen dute.

Adituek XXI. mendeko hezkuntzan funtsezko elementutzat jotzen dituzten bizitzarako gaitasunak nabarmendu nahi ditugu hemen. Gaitasun horiek hiru arlotan egituratzen dira, eta horietan hainbat elementu bereizten dira. Garrantzitsua da arlo horiek eta haien elementuak modu dinamikoan eta interkonexioan ulertzea.

  • Arlo pertsonala: autoerregulazioa (emozioen, pentsamenduen eta jokabidearen kontzientzia eta kudeaketa); malgutasuna (aldaketak eta ziurgabetasuna kudeatzeko eta erronkei aurre egiteko trebetasuna); ongizatea (bizitza egokia izateko nahia, osasun fisikoa, mentala eta soziala zaintzea eta bizimodu jasangarria hartzea).
  • Arlo soziala: enpatia (besteen emozioak, esperientziak eta balioak ulertzea, eta erantzun egokiak ematea); komunikazioa (komunikazio-estrategia garrantzitsuak erabiltzea, kodeak eta tresnak testuinguruaren eta edukiaren arabera erabiltzen jakitea); lankidetza (taldearekiko konpromisoa, talde-lana eta elkarrekiko errespetua).
  • Ikasten ikasteko arloa: hazkunde pertsonalaren mentalitatea barne hartzen du (norberaren eta besteen ahalmenean sinestea); pentsamendu kritikoa (informazioaren eta argudioen azterketa, ondorio arrazoituetara iristeko eta irtenbide berritzaileak garatzeko); ikaskuntzaren kudeaketa (ikaskuntza planifikatzea, antolatzea, gainbegiratzea eta berrikustea).

Ikusten dugunez, XXI. mendeko hezkuntzak eta ikaskuntzak arreta berezia jarri behar dute ikasleen eta hezkuntza-komunitate osoaren osasun sozioemozionalean, bai eta ongizatean ere, haien helburu bakarra ezagutzak transmititzea ez den ikastetxeetan. eTwinning proiektuetan gaitasun horiek sustatzen ditugu, eta ikasleen ongizate emozionalari eta eskola-arrakastari aktiboki laguntzen diegu.

 

  • Gaitasun sozial eta emozionalen garapena sustatzen duten proiektuak

 Minds and Hearts  proiektuak lehen aipatu diren bizitzarako gaitasunen hiru arloak biltzen ditu. Parte-hartzaileek euren egoera animikoak eta emozioak kudeatzen eta partekatzen ikas zezaten sortu zen proiektua da. Konfinamendu-aldi luzearen ondoren, askok nolabaiteko desoreka emozionala izan zuten, eta horrek agerian utzi zuen ongizate pertsonala berreskuratzeko eta ingurukoekin loturak berrezartzeko beharra.

Horrela, eTwinning proiektu honek beharrezko baliabideak eta tresnak eman zizkien gazteei, euren sentimenduak kudeatzeko, besteenekin enpatizatzeko eta euren trebetasun eta ezaugarriei albait etekin handiena ateratzeko, bizitza gogobetegarria izan zezaten. Hausnarketaren eta (auto)ezagutzaren bidez indartzeko eta gaitzeko prozesua izan zen.

Poloniako, Greziako eta Italiako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeekin lankidetzan, lana bi fase nagusitan garatu zen: lehen fasea, errekonozimendu pertsonalerako eta emozioen errekonozimendurako; eta bigarren fasea, proposatutako gaiak zabaltzeko produktuak ikertu eta sortzeko, nazioarteko talde bakoitzak bat.

Proiektua abian jartzeak eman zuen lehen datu interesgarria ikasleen inplikazio-maila handia izan zen. Lehenengo jardueratik (Time to shine), non euren nortasunaren islatzen zuten irudiez baliatuz aurkeztu behar zuten euren burua, argi eta garbi adierazi zuten dilema emozionalak partekatzeko nahia, ia beharrezkoa zutela, bai eta euren adimen emozionalaren maila ezagutzeko (Test your EQ) eta euren emozioei etekina ateratzeko eta kudeatzeko moduak ikertzeko (Master your emotions) jakin-mina ere. Gai eta arazo pertsonalak partekatzeko uzkur agertu ordez, erreakzio suspergarria izan zuten, esker onez hartu baitzuten euren gogo-aldarteak partekatu eta ulertzeko aukera izatea.

Bigarren fasean, foroetako hartu-emanaren eta nazioarteko taldeetako elkarlanaren bidez, material dibulgatibo baliotsua sortu zuten lankide guztientzat eta publiko orokorrarentzat, Minds and Hearts: A manual for being human webgunean jasota geratu zena. Batzuetan, pentsatzen dugu nerabeak beren barne-gatazkak azaltzearen aurkakoak direla berez, eta jarrera pasiboak hartzen dituztela; hala ere, gure bizipenak aurreiritzi hori okerra dela erakusten du; ingurune egokia sortzea baino ez da kontua.

 

Proiektuaren funtsezko balioa eta osasunari eta ikaskuntza sozioemozionalari dagokienez duen garrantzia lantaldeek ikertzeko eta materialak egiteko hautatutako gaietan datza: gorputz-hizkuntza irakurtzea, pentsamendu obsesiboei aurre egitea, bakardadea saihestea, lasaitasunari eustea, antsietatea ezabatzea, haserrea baretzea, autoestimua hobetzea, adiskidetasuna lantzea, autokontrola lantzea, norberaren trebetasunei etekina ateratzea, ohitura osasungarriak sortzea… Horiek guztiek nerabeen bizipenekin lotura dute modu batean edo bestean, eta horiek ikasteak berekin dakarten zailtasunei urrunetik eta erabateko desestigmatizazioarekin heltzea ahalbidetzen die, eta hori zen helburu nagusia.

 

Horrela, eTwinning-en bidez, hezkuntza-ingurunean bizipenak adierazteko eta partekatzeko espazio bat sortzen da.

Heldu beldurra eskutik 2021-2022 ikasturtean San Pietro in Carianoko (Italia) Calabrese-Levi institutuko ELEko (Gaztelania Atzerriko Hizkuntza) talde batekin Kantabriako BHIko 2. Batxilergoko Psikologiako ikastalde batek lan egin duen proiektuaren izenburua da. Bi ikastetxeetako ikasleek beldurrari eta beldur-mota desberdinei buruzko testuak aztertu dituzte, baita gaiari buruzko aurkezpenak eta dokumentuak prestatu ere. Benetako edo alegiazko beldurrak, erabakiak hartzea eragozten diguten beldurrak, aurrera egitea eragozten diguten beldurrak, porrotarekiko beldurra, besteek onartua ez izateko beldurra, gizentzeko beldurra, intsektuak, gauez bakarrik geratzeko beldurra… Proiektuan, lehenik eta behin, beldurraren emozioa eta, zehazki, gure beldurrak aztertu eta ezagutzearen garrantzia nabarmendu nahi izan dugu; eta, bigarrenik, nerabezaroan osasun mentalari heldu behar zaiola eta ilusioz eta baikortasunez bizitzen lagunduko duen jarrera baikorra sustatu behar dela. Proiektuak laguntza arrazional eta emozionala eman nahi du, eta gure ikasleen osasun mentala eta ongizatea sustatu nahi izan ditu, zeintzuek oso positiboki baloratu baituten. Aurkezpen honek lan-prozesuaren hainbat fase jasotzen ditu. Esteka

 

Proiektuak osasun mentalari buruz askatasunez hitz egiteko aukera eman zien ikasleei, eta ikasleek honako gogoetak egin zituzten:

Osasun mentala funtsezkoa da bizi-kalitate ona izateko, eta emozioak ez kudeatzeak edo emozioak identifikatzen ez jakiteak nahasmendu asko eragiten ditu (Karen). Osasun mentala gure bizitzako alderdi garrantzitsuenetako bat da, gure ongizate pertsonala baldintzatzen baitu (Sofiia). Osasun mental ona izateak gure aldartea hobetzen du eta esparru askotan laguntzen digu: eskolan, lanean, familian… Gai horri garrantzi handiagoa eman beharko litzaioke eta osasun publikoko espezialistengana azkar jotzeko aukera izan. (Melissa).

Ikasleek gure ongizate sozio-emozionala lortzeko eta mantentzeko zer egin behar dugun ere planteatu zuten: ariketa fisikoa egitea, elikadura ona izatea, ingurune negatiboak aldatzea, pertsona toxikoak saihestea, ulertzen gaituzten pertsonez inguratzea eta, beharrezkoa denean, laguntza profesionala bilatzea. Azken batean, beldurrari begiratu bat eman ahal izan diogu, gure ikasleei honakoa ahalbidetzeko:

  • Egiazkoa edo alegiazkoa, osasuntsua edo kaltegarria, mehatxurako egokia edo neurriz kanpokoa den bereiztea.
  • Euren buruei sentitzeko, aitortzeko, izendatzeko, idazteko eta kanpora ateratzeko aukera ematea.
  • Pentsamendu katastrofistak gelditzeko eta konfiantza lantzeko gai izatea.

Hau da parte-hartzaileek sortutako produktuetako bat. Esteka

 

Azken proposamenak eta gogoetak

Honako ekintza hauek proposatzen ditugu gure ikasleen eta, ziur, gure buruaren zaintza sozioemozionalari laguntzeko:

  • Sentimendu eta emozioen berri ematea, kontatzea, azaltzea eta adierazten laguntzea.
  • Epaitu gabe entzutea: egonezin-, neke-, paralisi- edo estualdi-egoeretan lagun egitea, gure ikasleen eskura egotea une horietan laguntzeko.
  • Konfiantza transmititzea eta alternatiba seguruak eskaintzea harremanak segurtasunez eta konfiantzaz berreskuratzeko.
  • Galdera hau botatzea: Zer ikasi dut denbora honetan? eta tarte horretan ikasitakoa erregistratzea.
  • Poza lantzea eta modu baikorrean bizitzea: poza eguneroko erabakia da.
  • Jasotakoagatik eta denon artean lortutakoagatik esker ona sentitzen laguntzea.
  • Irakasle gisa dugun konpromisoa da heziketa emozionalerako espazioak sortzea, ikasleek autokonfiantza kontrolatzeko eta indartzeko estrategiak garatzeko eta balio etikoak eskuratzeko aukera izan dezaten. eTwinning-ek helburu hori eraginkortasunez gauzatzeko esparru egokia eskaintzen du.
  • Ikaskuntza emozionala ardatz duten proiektuak aipatu ditugu, baina, gainera, badakigu eTwinning proiektu guztietan oso kontuan hartzen dela gure ikasleen eta hezkuntza-komunitatearen alderdi sozioemozionala. Guk geuk egiaztatu dugu, proiektu parte-hartzaile eta kolaboratiboekin, ikasleek autoezagutza, autoestimua eta euren buruarekiko konfiantza areagotzen dituztela, eta euren garapen pertsonalean laguntzen dieten ezagutzak eta trebetasunak eskuratzen dituztela.

 

Erreferentziak: 

https://www.un.org/es/chronicle/article/objetivo-3-los-objetivos-de-desarrollo-s

https://joint-research-centre.ec.europa.eu/lifecomp_en#:~:text=LifeComp%20is%20a%20framework%20to,of%20curricula%20and%20learning%20activities.

https://www.gov.uk/government/publications/the-impact-of-pupil-behaviour-and-wellbeing-on-educational-outcomes

https://www.intered.org/es/recursos/accion-educativa-transformadora-educacion-socioemocional-para-la-ciudadania-global