The incredible life of Marcus Poncius Europaeus. eTwinning 2016 Sari Nazionalak

The incredible life of Marcus Poncius Europaeus. eTwinning 2016 Sari Nazionalak

The incredible life of Marcus Poncius Europaeus  Espania, Italia, Turkia, Frantzia, Grezia eta Poloniako ikastetxeek parte hartzen duten eTwinning-Comenius proiektua da. Helburua da erromatarren garaian Europan zehar bidaian dabilen fikziozko pertsonaia baten biografia sortzea, baina berezitasun moduan komunikabide garaikideetako hizkera erabiltzea. Diziplinarteko proiektua da 14-18 urte bitarteko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.

Ángel Luis Gallego Real IES Vegas Bajas BHIko (Montijo-Badajoz) irakasleak honela kontatzen digu proiektua garatzen izan duen esperientzia.

representacion_alumnos_teatro_romano

Helburuak

Oro har, gure proiektuak helburu hauek zituen:

  1. Ingelesa eta Latina ikasteko ikuspuntu eta fokatze modu berriak arakatzea, IKTekin etengabeko elkarreraginean. Horretarako ABP metodologia erabili dugu ikasleek era autonomoan eduki esanguratsuak ikas zitzaten ahaleginduz. Ahalegindu gara, era berean, gure jarduerak komunikazio testuinguru errealetara hurbil zitezen hizkuntza gaitasunen hobekuntzaren aldetik horrek dakarrena kontuan izanik.
  2. Komunikabide garaikideen mundura hurbildu beraietako hizkera eta komunikazio moduaren bidez. Horretarako komunikabideetako egungo formatuak hartu ditugu eredu, hala nola, elkarrizketa, dokumentala, erreportajea, etab. Horrela ahalegindu ginen ikasleek honelako hizkera asimila zezaten.
  3. Europa kezkatzen duten arazoez jabetu, hots, inmigrazioa, elkartasuna, kutsaduraz, etab. Horretarako erabaki genuen episodio bakoitzak arazo jakin bat izan zezala ardatz, eta argumentazio osoan gara zezatela.

Geure buruari planteatu dizkiogun beste helburu batzuk hauek izan dira:

  1. Erromatarren mundura hurbiltzea. Ahalegindu gara Erromatar Kulturan aztertzen, gure ikastetxeak kokatuta dauden tokiekin erlazionatutako erreferentzia latinoak ikertuz; egin ditugu filmazioak hainbat arkeologi gunetan, hala nola, Meridako teatroan, Catanian, Agrigentoko Konkordiaren Tenpluan, Egnatian, etab.
  2. Metodo naturala erabiltzea Latina ikasteko. Egin ditugun jarduerek hizkuntza honen irakaskuntza Hizkuntzetako Europa Erreferentzi Marko Bateratura hurbiltzen dute. Ikasleak hizkuntza erabileraren bidez praktikatzen entrenatu ditugu, haientzat ezagunak diren arlo lexiko berriei begira, hala nola, aurkezpena, eguraldia, gizartean bizi, etab. Gure metodologiak hizkuntza hori komunikazio hizkuntza moduan erabiltzea izan du emaitza, eta aztertu dugu egungo gizarte komunikabideei loturiko haren erabileran.
  3. Ikuspegi metodologiko berria, ikasketa praktikatik edukietara dabilena, erabileratik gramatika metodologia berritzaile baten bidez, gure irakasgairako egindako Flipped Classroomen egokitzapen batean. Horregatik egin dugu azpimarra eta indarra ikaslea izan dadin bere ikasketaren eragilea, lankidetza bidezko jarduerak gauzatuz helburu hori iristeko bide natural moduan.
  4. eTwinning-ek teknologia berriak eta lankidetza dakartza berekin, eta horixe izan da proiektuan garatu nahi genituen gakoetan beste bat: jarduera dinamiko eta dibertigarrien aukera zabala eskaini, eta web 2.0 tresna berri askoren erabilera didaktikoaren inguruan ikertu.

Helburuak aise bete ditugu, ikasleen interesa eta gogoari esker eta irakasleen arteko etengabeko erlazioari esker; bakoitzak zuen onena eman du beretik proiektu komun baten alde.

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=ZYISfVAIsJc[/youtube]

Proiektua garatzen zertan asmatu den, zertan egin den huts, nolako zailtasunak topatu diren eta zer irtenbide eta konponbide bilatu diren.

Proiektuari ekin aurretik, gauzatu behar genituen jardueren programazio eta denboralizazio zorrotza egin genuen, parte hartzen zuten herrietako bakoitzeko ikasturteko egutegiari erreparatuta. Laguntza handia izan da hori, bai baikenekien aski aurretiaz zein izango zen hurrengo jarduera eta zeinen luze joko zigun hura egiteak.

Ezertan asmatu badugu irakasleen artean lankidetzan jarduerak sortzen asmatu dugu. Jarduera bakoitzean bilduta daude batzuek eta besteek egindako iradokizun metodologikoak; tresna batzuk eta besteak probatu genituen kasuan-kasuan onena hautatzeko; elkarri lagundu genion filmaketak eginez, bideoak editatuz, etab.

Proiektu horien guztien eragozpena irakasle bakoitzari eskola orduez kanpo sortzen dion lana da. Arratsalde asko behar izaten dira proiektu bat egin eta garatzeko, asko filmaketarako uneak, atsedenaldiak, klase komunen prestakuntza, maiz aski okupatuta egon ohi den teknologia berrien gelan jarduerak egin behar izatea, etab. Eskerrak eman behar dizkiogu ikastetxeko zuzendaritzari ikasgelekin eta materialarekin zerikusia zuten gorabehera guztietan ahal zuen guztien lagundu duelako, bai eta laguntza eman ziezaguketen erakunde guztiekin harremanetan jartzeko eman digun apoio garbia. Zuzendaritza-taldearen laguntzarik gabe ezin izango genituen gure helburuak iritsi.

Fake_facebook_groupimage_Marcus_Poncius

Proiektuan izandako parte-hartzearen eta emaitzen balorazio globala.

Gure proiektuaren oinarria Comenius proiektu bat da, eta Comenius proiektu hori oinarri dugula garatu dugu eTwinning proiektu osagarri bat. Parte-hartzea haziz joan da, bada, proiektuan parte hartzen zuten ikasleetatik haien taldeetara, bereziki Latin eta Ingeles irakasgaietan. Jarduera batzuetan, lasterketa solidarioan, esate baterako, Hezkuntza Komunitate osoak hartu zuen parte.

Baina berriro eTwinning-era itzulita, uste dugu parte-hartzea ezin hobea izan dela. Ikasle askok, gure irakasgaiak beste era batera ikasteko modua ez ezik plataforma honetan Europara zabaldutako leiho bat ere aurkitu dute, eta leiho horretan beti topatu izan dute baten bat beste aldean solas egiteko eta elkar ezagutzeko.

Hona hemen emaitza nagusiak:

-Gure ezagutza-arloetatik irakaskuntza berritzaile baterako egindako ekarpena.

-Ikasleak mundu klasikora ikuspegi moderno batetik hurbiltzeko aukera.

-Ingeles eta Latin mintzatuan hizkuntza trebetasunak nabarmen hobetu, ikasketa-planari atxikirik.

-Europa elkartzen gaituen zerbait dela sentiaraztea.

-Kultur eta arte ondareari zor zaion errespetua sustatu.

-Kultur aniztasunari zor zaion errespetua sustatu.

-Era askotako Web 2.0 tresnak erabiltzen ikasi.

-Web 2.0 tresnen erabileran ikerketa egin helburu didaktikoak buruan izanik.

Ikasleen, beste departamentuen, hezkuntza eragileen, kanpoko beste eragile batzuen inplikazioa.

Gorago esana dugunez, eTwinning-Comenius proiektu bat izan da, hezkuntza komunitate osoaren parte-hartzea izan duena, zuzendaritza-taldearena bereziki. Egin diren zenbait jardueretan ikasleek beren familiei parte harrarazi behar zieten; beste batzuetan Historia Departamentuak lagundu digu; Montijo eta Barbañoko udalek eskuz esku jardun dute gurekin elkarlanean; gure dokumentala egiteko, berriz, hainbat erakundek lagundu digute, hala nola,  Consorcio de la Ciudad Monumental de Méridak, Museo Nacional de Arte Romano, Emeritae Ludus Gladiatorum (gladiadoreak), Ara Concordiae (Birsorkuntzako taldea), Amigos de la Villa de Torreáguila (gidak), etab…

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=wGbNL-hhfCY[/youtube]

Ikastetxea, irakasleak eta ikasleentzako onurak.

Oro har, uste dugu proiektu honek onura hauek ekarri dizkigula:

Ikastetxea:

  • Irakaskuntza metodoei dagokienez europar ikastetxeen arteko sinergiak
  • Izaera europarreko kurrikulu jarduera aukera zabalagoa eta programazio diziplinartekoa sustatzea
  • Kurrikuluetan europar dimentsioa sartzea, beste ikastetxe europar batzuekiko lankidetzako jarduera eta guzti
  • Irakaskuntzaren kalitatea hobetzea ideia, metodo eta tresna truke emankorraren bidez
  • Ikastetxearen ospea eta europar dimentsioa handitzea

Irakasleak:

  • Ingelesean hizkuntz gaitasuna hobetzea
  • Irakaskuntzan metodo berri eta berritzaileak sartzea
  • Beste irakasle europar batzuekin harremanak egitea, eta dinamika eta metodologia konpartitzea
  • Diziplinarteko lana indartzea
  • Irakasleen artean talde-lana indartzea
  • Egunez egunekotik at sareko didaktikak konpartitzeko aukera

Ikasleak:

Europar osagarriaz gain, gure proiektuaren eragina beste aspektu hauetan gertatu zen:

  • Ingelesean eta Latinean hizkuntz gaitasuna hobetzea
  • Atzerriko hizkuntzak ikasteko motibazioa handitzea, bereziki ingelesa ikastekoa
  • Latina ikasteko motibazioa handitzea
  • Egungo komunikabideen hizkera ezagutzeko motibazio handiagoa
  • Gaitasun teknologikoa hobetzea; pertsona arteko elkar-truke eta kultura-trukea hobetzea
  • Herri batzuek eta besteek zer duten erkide eta zer duten desberdin baloratzea

Tokiko erkidegoa:

  • Inguru sozioekonomiko zailetatik datozen ikasleentzako aukerak hobetzea eTwinning proiektu batean parte hartu izanaren ondorioz
  • Hezkuntza Komunitateko helduen artean batasun sentipena indartzea, seme-alabek europar proiektu batean parte hartu izanaren ondorioz
  • Europan erromatar zibilizazioaren ondareari zor zaion errespetua sustatzea eta komunitateko kideen artean kultur ondarearen eta herentzia historikoaren estimua sustatzea
  • Ikastetxeko guraso, herritar eta elkarteen parte-hartzea handitzea
  • Ikastetxeko komunitatea europar publikoaren aurrean aurkeztea
  • Europari eragiten dioten era bateko eta besteko arazoen aurrean eskola komunitatea jabearaztea, sentsibilizatzea

Sortutako materialen kalitatea eta berrerabilpena

Gure jardueren kalitateaz hitz egitea gerta daiteke gure aldetik harrokeria apur bat. Esan dezakegu, ordea, irakasleek elkarlanean jardun dutela horiek sortzen, eraginkortasuna izan dugula helburu eta gure helburuetarako baliagarriak izan direla. Uste dugu halaber, mutatis mutandis, beste ezagutza arlo batzuetarako ere izan daitezkeela baliagarriak.

Gure proiektua Europaren egungo arazoak ardatz dituzten episodioen bidez erromatar pertsonaia fiktizio batentzat biografia bat sortzea izan da. Gure ikasleek etapa guztietan hartu dute parte. Puzzle erako diseinu hau oso eskuragarri dago beren ikasleen hizkuntz gaitasunak hobetu nahi dituen edozein irakasle-talderentzat. Arrakasta ziurra da honako osagarri hauek batera bilduz gero: ikasleen parte-hartzea, praktikatik teoriara joatea, IKT tresnak eta nazioez gaindiko talde-lana.

Gainera, irakasle garen aldetik, sar ditzakegu interesgarri zaizkigun aspektuak, hala nola, hiztegi espezifikoa, egungo munduarekiko konexioa, zehar gaiak, etab… Alde horretatik, gure proiektuko emaitza baliotsuenetakoa hezkuntza esperimentazioa izan da, ez era metodologikoan soilik, baita web 2.0 tresnekin ere. Izan ere, sortutako materialak erakusten du ikasleak bai Latinera bai Ingelesera hurbiltzeko modu berriagatik motibatuta eta liluratuta sentitu zirela.

Latineko jardueretako asko aplika daitezke arrakastaz hizkuntza hori irakasten den Europako edozein lekutan, eta ikasketa naturalerako osagarri bezala erabili, ikasle europarren arteko erlazioa sustatzeko baliatzeaz gain.

Nahi genituzke adibide batzuk aipatu nola gure jarduerak beste ezagutza arlo batzuetan ere aplika daitezkeen:

  • Gai jakin bateko lankidetzarako dokumentuak: (Gizarte Zientziak, Natur Zientziak, Ingelesa, Hizkuntza, …)
  • Lankidetzan istorio bat sortu (Hizkuntza, Ingelesa, Frantsesa, Latina …)
  • Eszena antzezpenak (Gizarte Zientziak, Natur Zientziak, Matematika, Hizkuntza, Ingelesa, Frantsesa,…)

Egin ditugu jarduera asko eta asko horiei begiratu bat emanda, ikus daiteke erraz egoki daitezkeela norberaren testuinguruetan.

Proiektu honek 2016ko eTwinning sari nazionalaren errekonozimendua jaso izana

Proiektuaren koordinatzaile naizen aldetik, oso pozgarria izan da irakasle-talde handi batek eta, batik bat, gure ikasleek egin duten lana errekonozitzea eta aitortzea, ikasleak izan baitira beti gure proiektuaren eragilea. Haiek, ikasleak, dira benetako irabazleak eta guk irakasleok bigarren mailan geratu behar dugu, ongi egindako lanak ematen duen pozarekin. 

Beste iritzi batzuk

Zuzendaria: José Luis Pérez Romero

Proiektu hau IKTak sormenarekin lotzeko, eta hala, gainerako ikastetxe europarrekin laneko harreman emankorrak sortzeko oso modu ona izan da. Gainera, Marcusen ikuspegitik egindako egungo gizarte arazoen analisia oso egokia izan da, egin den lanari balio handiagoa eman baitio, handiagorik eman bazekiokeen.

Proiektukidea: Silvia González Chaves

Gauza zoragarria izan da beste herri batzuetako irakasleekin elkarlanean jardutea. Lan handia baina txit aberasgarria metodologiari dagokionez. Frogatu eta egiaztatu da eskolatik inplika daitezkeela ikasleak beren ikasketa propioan modu berritzaile batean.

Proiektukidea: José Manuel Menéndez-Manjón Cueto

Historia irakaslea naizen aldetik, goraipatu beharrean nago nola ehun zen Marcus Ponciusen bizitza osoa, garai jakin batean kokatu ahal izateko eran. Lan bikaina eTwinning-ena, talde handi eta on baten lanaren fruitu.

Ikaslea: José Manuel Álvarez

Poz-pozik egin dut lan proiektu honetan. Aukera eman dit aldi berean ingelesa ikasteko, praktikatzeko eta Europa osoko lagun asko ezagutzeko.

Ikaslea: Pilar Alvez

Inoiz ahaztuko ez dudan esperientzia izan da. eTwinning-en bidez lagun asko egin ditut eta inoiz ez bezala egin dut lana. Eta onena, gogoz lan egin ere!

visita institucional grupo alumnos

Irudien iturria: proiektuko Twin Space-a.

 

 

Comparte esta noticiaTweet about this on Twitter
Twitter
Share on Facebook
Facebook
Share on LinkedIn
Linkedin
eTwinning Sariak 2015
Reglamento de protección de datos (información básica)

En cumplimiento de la normativa de protección de datos personales, le informamos de que sus datos serán incorporados al tratamiento denominado “eTwinning participación”, cuya finalidad es la participación en el proyecto de colaboración europeo eTwinning.

Puede usted ejercitar los derechos de acceso, rectificación, oposición, supresión (“derecho al olvido”), limitación de tratamiento y portabilidad y a no ser objeto de decisiones individuales automatizadas que sean de aplicación de acuerdo a la base jurídica del tratamiento. Podrá hacerlo en la sede electrónica del ministerio (http://www.educacionyfp.gob.es/servicios-al-ciudadano-mecd/catalogo/educacion/varios/proteccion-datos.html), presencialmente en las oficinas de registro o por correo postal.

Al rellenar y enviar este formulario usted concede su consentimiento inequívoco para el almacenamiento de sus datos en nuestros ficheros tal y como se especifica en nuestras normas de privacidad.

Dejar un comentario

Your email address will not be published. Required fields are marked *